Udalak etxebizitzaren merkatuan esku har dezan eskatuko du EH Bilduk

uriola.eus 2021ko aza. 18a, 13:43

EH Bilduren udal taldeko Bruno Zubizarreta eta Alba Fatuarte (argazkia: Bilboko EH Bildu)

Herritarren eta etxe agentzien arteko bitartekaritza zerbitzua abian jartzeko mozioa aurkeztuko dute hurrengo osoko bilkuran, diskriminazio egoerak sahieste aldera

Bruno Zubizarretak eta Alba Fatuartek EH Bildu udal taldeak azaroaren 25eko ohiko osoko bilkuran aurkeztuko dituen mozioen berri emateko agerraldia egin dute gaur.

Besteak beste, etxebizitza bitartekaritza zerbitzua ezartzeko proposamena eramango dute. Horren arrazoia da, Fatuartek azaldu duenez, "Bilbon gero eta pertsona eta familia gehiagok salatzen dutela arraza edota gizarte profilagatik diskriminatuak izatea" alokairu kontratuak sinatzeko orduan. Bilboko Etxebizitzaren Behatokiaren bidez halako egoerei buruzko azterlan bat egiteko galdegingo dio koalizioak udalari.

Guggenheimeko greba

Bilboko Guggenheim Museoan Ferrovial Servicios enpresaren bidez garbiketa zerbitzua ematen duten langileen greba ere mahai gainean jarriko dute hilaren 25ean. Emakumezkoek osatzen dute lan talde horren gehiengoa, eta batez besteko soldata hileko 600 euro ingurukoa da. Hortaz, generoagatiko soldata arrakala horrekin amaitu eta lan baldintzak hobetze aldera, udalbatzari proposatuko diote Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioari eskatzeko aktiboki parte har dezala lan gatazka horri irtenbidea bilatzeko jardunean.

Bilbobus eta Bilbobizi

Bestalde, Bruno Zubizarretak mugikortasun jasangarria hobetzeko helburuarekin EH Bilduk aurkeztutako beste ekimen baten berri eman du: Bilbaobizi eta Bilbobusen ordutegiak koordinatu eta homogeneizatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, bi operadoreen arteko erabateko intermodalitatea lortzeko. Izan ere, Covid-19aren osasun krisia iritsi aurretik 24 orduko zerbitzua eskaintzen zuen bizikletak mailegatzeko zerbitzuak, baina gaur egun 06:00etatik 22:30eraino baino ez dago erabilgarri.

Aisiaren inguruko azterketa

Amaitzeko, Bilbotarren aisialdiari buruzko diagnostikoa egiteko eta horren bueltan lan egiteko mahai bat sortzeko beharra ikusten du EH Bilduk. Horren azken helburua izango litzateke espazio osasungarriak eta positiboak sortzea, eta esperientzia desberdinak eskaintzea, "belaunaldien arteko trukea, elkartasuna, lankidetza eta sorkuntza, eta herritar guztien garapen pertsonal positiboa" lortze aldera, Zubizarretaren hitzetan.