Besteak beste, Rolls Royce, Arcelor Mittal, Iberdrola, Michelin eta ABB multinazionaletako goi karguak izan dira gaur Bilbon. European Round Table erakundeak Europako 40 enpresa handienak biltzen ditu, eta politika ekonomikoetan eragitea du helburu. Haiekin bildu da Felipe VI. Espainiako Erregea, eta Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu du foroaren osoko bilkuran. Europako Batzordeko presidenteorde Frans Timmermans eta Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde Nadia Calviño ere bertan izan dira.
Ordezkari instituzionalak eta enpresaburuak Iberdrola dorrera sartzen ari ziren bitartean, kanpoaldean, Euskadi Plazan, hamarnaka pertsona bildu dira foroaren bisitaren aurka daudela adierazteko. LAB sindikatuak deitu du protesta, Haien kontura lelopean.
"Sekulako irabaziak lortzen ari diren garaiotan langileen lan baldintzak okertzeko neurriak" hartzea leporatu die, eta horretarako "gobernuaren babesa" dutela nabarmendu: "Benetako erabakiak, gero lege bihurtzen direnak, gisa honetako foroetan hartzen dituzte".