Podemos, Ezker Anitza-IU, eta Equo Berdeak alderdiek osatutako koalizioko udal ordezkariek datorren urterako aurrekontuei aurkeztuko dieten osoko zuzenketa eta zuzenketa partzialak aurkeztu ditu gaur, aurrekontuok "Bilbori ez diotelako ziurtatzen sozialki bidezkoa izango den susperraldia", Ana Viñals bozeramalearen hitzetan.
Hala, pandemiaren harira azaleratu den krisiaren eraginei aurre egiteko beharra nabarmendu dute: "Herritarrak izango dira krisi handiaren lehen kaltetuak eta suspertzen azkenak". Uste dute krisi horren ondorioz "egiturazko gabezia handiak areagotu" direla, bereziki gazteei eta emakumeei eragiten dietenak. Xabi Jimenez zinegotziak adierazi duenez, babes sozialeko mekanismoak izan behar dira aurrekontuaren zutabe nagusietako bat. Ildo horretatik, zuzenketa batzuk proposatu dituzte: milioi bat euro Gizarte Larrialdiko Laguntzak osatzeko, eta 475.000 euro Udal Laguntza Berezietarako. Kalean bizi direnentzako aterpetxe bat irekitzeko dirua bideratzeko beharra ere azpimarratu du Elkarrekin Podemos-IUk.
Horren harira, aditzera eman dute gaur egun 23.169 langabe daudela hiriburuan, eta gogorarazi dute gurean daudela Euskadi mailan pobrezia eta desparekotasun gehien pairatzen duten auzoak eta guneak. Leku horietarako plan bereziak osatzeko aurrekontua ere eskatu du taldeak.
Etxebizitza, berdintasuna eta berdeguneak
Bestalde, jakinarazi dute koalizioak aurrekontu partida bat proposatu duela hirian Etxebizitza Bulegoa sortzeko. "Iaz iragarri zen, baina aurrekontu proiektuan ez da ageri", azaldu dute. Bada, uste dute Bilboko arazo larrienetako bat arlo honetan dagoela, eta bulego fisikoa beharrezkoa dela.
Emakumeen Etxea sortzeko eskaria ere egin dute aurkeztutako zuzenketen bidez, baita Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala inguruan Emakumeentzako enplegu plan berezi bat martxan jartzekoa ere.
Azkenik, klimaren krisiari aurre egiteko neurriak ere jarri ditu mahai gainean koalizioak. Birnaturalizazioari eta hiriko jasangarritasunari lehentasuna emateko proposatutako ekimenen artean, Maria Díaz Harokoaren kalean korridore berdea egitea eta berdegune berriak sortzea proposatu du.