Osoko zuzenketaz gain, 2022rako aurrekontu proposamenari 50 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Bilboko EH Bilduk, 17 milioi eurotik gorako zenbatekoari eragiten diotenak. Izan ere, proposamenean jasotakoak "hiri eredu zaharra finkatzera" zuzenduta daudela uste dute: "Zerbitzu publikoak kentzen dituzte, pandemia aurreko proiektu berberen alde egiten dute eta ez dute apustu sendorik egiten esku artean ditugun erronkei aurre egiteko". Erronka horien artean, arlo soziala eta etxebizitzarena aipatu dituzte adibide gisa.
Aurreko urtekoarekin alderatuta %8 areagotu den arren aurrekontua, koalizioak uste du igoera ez dela proportzionala izan arlo guztietan; izan ere, Hirigintza sailean %30 areagotu da aurrekontua, baina, aldiz, Etxebizitzan %0,90 "tristea" baino ez, eta Berdintasunean %2,32. EH Bilduren ustez, horrek ez du laguntzen desparekotasunei aurre egiten eta ez du suspertze sozio-ekonomikoa ahalbidetzen.
Hain zuzen, gizarte arloan familientzako zuzeneko laguntzak igo ez izana salatu dute, eta kalean bizi diren pertsonentzako (700 baino gehiago dira Bilbon) egiturazko neurririk hartu ez izana ere bai. Udal Etxebizitzei transferentziarik egingo ez zaiela nabarmendu dute halaber, eta hezkuntzari lotutako partidak bere horretan mantendu direla. Mugikortasun arloari dagokionez, proposamenean jasotako ekimenak hankamotz geratzen direla iritzi diote. Azkenik, hiriaren eta hiritarren euskalduntze bidean apusturik ez egitea leporatzen diote udal gobernuari, turismorako baliabide "gehiegi" bideratzen den bitartean.