Euskaldunako borrokaldietako zorigaitz hartatik 37 urte

uriola.eus 2021ko aza. 23a, 10:55

1984an Bilboko ontziola ixtea agindu zuen Felipe González buru zuen Espainiako Gobernuak. Langileek gogor borrokatu zuten beren lanpostuak defendatzeko, eta barrikada arteko egun haietako batean, azaroaren 23an, poliziaren oldarraldi baten ondorioz bihotzekoak jota hil zen Pablo González Larrazabal.

1900. urtean ireki zuten Bilboko itsasadarraren alboan, gaur egun izen bereko jauregia dagoen inguruan, Euskalduna ontziola. Ontzigintza industrian konpainia oso garrantzitsua izan zen urte luzez, harik eta 1985ean itxi zuten arte, urtebete lehenago hartutako erabakiaren ondorioz. Garai hartan ia 2.500 langile zituen ontziolak. Bada, kaleratze masiboaren aurrean, antolatu eta kaleak hartu zituzten hainbat astez.

Egunero izaten ziren protestak Bilboko kaleetan eta ontziolaren inguruan. Bada, tentsioa geroz eta handiagoa zen, eta gaurko egunez, duela 37 urte, gertaera latz batek are gehiago ilundu zuen giroa. Polizia gogor oldartu zen barrikaden bestaldean antolatutako langileen aurka, tiroak ere jaurti zituztelarik. Hain zuzen, zauritutako jende guztiaren artean, balaz jo zuten langileetako bat, eta beste bat erredurekin larri zaurituta eraman zuten ospitalera. Hala ere, egun hartan tragedia are larriago bat gertatu zen; izan ere, protestetan parte hartzen ziharduen Pablo Gonzalez bihotzekoak jota hil zen.

Egun hartan, Espainiako Polizia Nazionala metraileta eta guzti sartu zen ontziolan. Hura ikusita, inguruan zebiltzan langileak, beren buruak babestu nahian, ontziolan zegoen itsasontzian ezkutatzera joan ziren lasterka. Gonzalez, baina, ez zen iritsi, ziplo erori baitzen lurrera. 

Sorturen omenaldia

Urtemuga honen harira, Gonzalezen oroimenezko ekitaldia egin du Sortuk Deustuko zubiaren aldamenean. Ontziolako hainbat langile ohi batu dira, eta haien aldeko itxialdia egin zuten emakumeak nahiz Indusal, Tubacex, Artiach eta ITP lantegietako zenbait behargin ere bai. Egun hartako gertaerak gogora ekarri dituzte, eta Sortuko kide Tamara Martínek adierazi du "kapitalaren oldarraldiari aurre egiteko borrokak bere horretan jarraitzen duela". Hortaz, kaleetan antolatzen jarraitzeko deia egin die langile guztiei.