Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Idoia Mendiak Bilboko 2021-2022 Enplegu Plana aurkeztu dute gaur. Iaz baino 1,1 milioi euro gehiagoko aurrekontua izango du, eta 1.002 lanpostu berri lortzea da helburu nagusia.
Planaren bidez sortu nahi diren enplegu horien gehiengoa, ia hiru laurden, enpresa pribatuetakoa izango da. Horretarako emango dituzten laguntzen artean hobari bereziak egongo dira emakumeak kontratatzeagatik, besteak beste.
Enplegu Planaren xede taldeari dagokionez, honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izango dira: Bilbon erroldatuak, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak, iraupen luzeko langabeak (Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda dutenak), 35 urtetik beherakoak, 45 urtetik gorakoa edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenak.
Gaur aurkeztu duten egitasmoaren baitan, Enplegu Plan Arruntaz gain Gazteen Enplegu Plana ere landu dute, berariaz 16 eta 30 urte bitartekoei zuzendua, eta indartu egin dute partida ekonomikoa. Bada, horri esker 89 lanpostu eratu nahi dituzte. Horrez gain, gazteen laneratze prozesuan laguntzeko zerbitzuak ere eskainiko ditu udalak.
2021-2022 Enplegu Planaren 12,1 milioi euroko aurrekontu horretan, Eusko Jaurlaritzak/Lanbidek 9,2 milioi euro jarri ditu, eta Bilboko Udalak berriz, 2,9 milioi.