Mitxel Lakuntzarenganako konfiantza berretsi du ELAk Euskalduna Jauregian

uriola.eus 2021ko aza. 26a, 11:07

ELAren 15. kongresua Euskalduna Jauregian (Argazkia: ELA sindikatua)

Sindikatuko idazkari nagusi izaten jarraituko du nafarrak, atzo, XV. kongresuaren bigarren egunean, Bilbon izan ziren militanteen gehiengo zabalaren babesari esker. 700 pertsona inguru bildu ziren aretoan.

Idazkari nagusi gisa sindikatuaren gidari jardungo duen etapa berri honetan landu nahi duen ildoaren berri eman zuen Mitxel Lakuntzak bozketaren emaitza ezagutu ostean (%90etik gorako babesa lortu zuen): “ELArentzat, konfrontazio hitzak ez du konnotazio negatiborik; gure hiztegian oso presente dagoen hitza da. Konfrontazioak politizatu egiten du, garenaz eta aurrean dugunaz kontzientzia hartzera garamatza”.

Hala, grebaren eta lantokiz lantoki antolatzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta "okerren dauden horien alde" lerratzekoa. "Sindikatuak badu zer eskaini: isolamenduaren aurka bat egitea, mundu birtual horren aurrean benetako emozioak partekatzea, etsipenaren aurka borrokatzea eta amets egitea. Horretarako daukagu sindikatua, amets horiek egia bihurtzeko. ELAn oinak lurrean ditugun ameslariak gara”, zioen atzo Lakuntzak.

Lan esparrutik harago ere jarri zuen fokua, eta ELAk eragile sozial eta politiko gisa duen zeregina aldarrikatu zuen, esanez langile klasearen defentsa beste politika publiko batzuekin ere lotuta dagoela. 

Sindikatuaren norabidea finkatuta

Hamabosgarren kongresuan hartutako erabakien artean, ELA euskal errepublikaren alde posizionatu zen: "Estatu propioa, emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko duena, herri honen erabateko autogobernua, Euskal Errepublika, ingurumena zainduko duena eta gizartearen gehiengoaren ongizatea bermatuko duena, politika sozialisten bitartez”.

Bestalde, "ez gaitzazue saldu Madrilen" mezua zabalduta, lan erreforma indargabetzeko eta EAJk, Bilduk eta Podemosek pentsioen lege berriari uko egiteko eskaera plazaratzea adostu zuten.

Horrez gain, eta atzokoan Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela aintzat hartuta, sindikalismo feministaren aldeko apustua berretsi zuen sindikatuak. Hala, azpimarratu zuten negoziaketa kolektibo feminista izan behar dela prekarizazio feminizatuari aurre egiteko tresna.