Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 150 kasu baino gehiagoko intzidentzia metatua izatea izango da udalerrietan Covid ziurtagiria deritzona eskatzeko aplikatuko duten irizpidea. Bada, gaur gaurkoz 194,8 da Bilboko tasa. Dena den, Eusko Jaurlaritzak gaur bertan iragarri duen osasun larrialdi egoera abian jartzen denetik aurrera aplikatuko dute neurria, eta oraindik ez dute zehaztu noiz izango den hori.
Dantzalekuetan, musika ikuskizunak eskaintzen dituzten aretoetan, musika tabernetan eta karaokeetan eskatuko dute ziurtagiria, eta gaueko aisialdiarekin lotutako zenbait lokaletan ere bai, 22:00etatik aurrera.
Txertoaren pauta osoa hartu izana edo azken hilabeteetan birusa pasa izana frogatzen duen agiria paperean edo pantailan erakutsi ahal izango da, eta lokal horietarako sarbidea kontrolatzeaz arduratzen direnek QR kode bidez egiaztatuko dute balioduna ote den.