Gabonetako argiak itzali ditu bart Ernaik Areatzan

uriola.eus 2021ko abe. 1a, 13:37

Ernaiko aktibistek Gabonetako argiak itzali dituzte (argazkia: @ErnaiBilbo Twitter kontuaren bidez)

Gazte antolakundeak sare sozialen bidez aditzera eman duenez, argindarraren prezioaren aurkako protesta ekintza izan da, eta udalak hiria "kontsumo basatira" bideratu izana ere salatu nahi izan dute.

"Negu gorrian, argiaren prezioa duela urtebete baino sei aldiz garestiagoa da", azaldu du Bilboko Ernaik gaueko ekintzaren harira zabaldu duen oharrean. Horrek "langileen bizitzaren prekarizazioa" dakarrela adierazi dute, eta oinarrizko eskubide baten kontura "negozioa egiten" dihardutenen gain jarri dute erantzukizuna.

"Kapitala bizitzari oldartzen ari zaio", dio Ernaik komunikatuan. Bada, argindarraren prezioaren igoera historikoak joera horren adibide bat baino ez direla diote, eta Iberdrola, Endesa eta Naturgy buru dituen oligopolioaren praktikok gaitzetsi dituzte.

Bestalde, Juan Mari Aburtoren udalari ere egin diote kritika: "Gabonak kontsumoaren jaia bihurtu ziren aspaldi, ez da kasualitatea hamar urtetan astebete baino gehiago aurreratu izana argiak pizteko data". Eguberrietako argiena "paripe hutsa" dela uste du Ernaik, eta sektore enpresen publifikazioa eskatu du.