Euskal kulturaren plaza nagusietakoa den Durangoko Azoka gaur hasiko da, eta, horrekin lotuta, urte luzez egin izan duten legez, Euskal Herrian Euskaraz taldeak manifestazio nazionala deitu du astelehenerako, Durangon bertan. Bada, Bilboko hainbat eragilek bat egin dute deialdiarekin, eta bertaratzeko gonbitea luzatu diete herritarrei. Horixe da, esaterako, Hau Pittu Hau euskaltzaleen konpartsaren nahiz Uribarriko Tanttaka euskara taldearen kasua.
Hain zuzen, Euskal Herrian Euskarazeko kideak Deustun egongo dira gaur arratsaldean, gazteei zuzendutako hitzaldia eskainiko baitute 18:30ean: Euskarak independentzia, independentziak euskara. Euskararen egunaren bueltan Berbaizu Euskara Elkarteak eta Deustualdeko Prest! aldizkariak azken honen 20. urteurrena dela eta antolatu dituzten ekintzen baitan dago hitzordu hori.
Egun handia Deustualdean
Bada, urteurreneko egitarau horretako egun nagusia gaurkoa izango da, aipatutako eragileek euskararen alde egiten duen lana ikusarazi eta aldarrikapenak kalera ateratzeko asmoz.
Hala, arratsalde-iluntze partean, 18:30ean hasita, Bihotz Alai dantza taldekoek kalejira egingo dute Iruña kaletik abiatuta. Jarraian, Prest!-etik eta Berbaizutik Deustuko pilotalekuan batzeko deia egin diete auzotarrei, argazki erraldoia egingo baitute. Festa giroarekin segiz, kantu poteoa egingo dute auzoan zehar. Eta eguna borobiltzeko, Oinutsik erromeriaren kontzertua egongo da Gazte Lokalean gauez, 22:00etan.
Indautxun, arratsaldean kalera
Indautxun ere ospakizuna eta aldarrikapena batuko dituzte Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. "Euskaraz bizitzeko euskararen errepublika" defendatuko dute 18:30ean Kirrulitik abiatuko den poteoarekin.