Greba deitu du LABek Bizkaiko adinekoen egoitzetan

uriola.eus 2021ko abe. 9a, 12:25

Lanuztea eta mobilizazioak egingo dituzte datorren asteartean, lan baldintzak parekatzeko eta ratioak hobetzeko eskakizuna zabaltzeko asmoz. Argitu dute gaur gaurkoz patronalarekin negoziazioak etenda daudela, eta aldundiak esku har dezan nahi dute.

Sektoreko langileei dei egin die abenduaren 14an greba deialdiaren bat egiteko eta antolatu dituzten mobilizazioetara bertaratzeko. Elkarretaratzea egingo dute Bilboko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean, 10:30ean.

Zaintza lanak negozio bat direla salatu dute LAB sindikatuko kideek gaur goizean egin duten prentsa agerraldian, uste baitute pribatizaziorako joera nagusitzen ari dela. Bada, sindikatuaren esanetan, horrek "miseria baino ez dakarkie adineko pertsonei, eta prekarizazioa sektoreko langileei". Adibide gisa, Bizkaiko egoitza askotan goizero pertsona baten edo biren artean 18-20 pertsona nagusi inguru altxatu behar izaten dituztela azaldu dute, eta onartezina dela diote.

Beraz, sektore horretan diharduten beharginen baldintzak langile publikoenekin parekatzea eta sektorearen publifikaziorantza doazen urratsak emateko eskatu dute. Bide horretan, "ratio gizatiarragoak" funtsezkotzat jotzen dituzte, eta oraingoak ez dituzte onartzen, "eskasak eta ankerrak direlako", Ane Escondellas ordezkariak azaldu duenez. Hala, langile gehiago kontratatzea premiazko beharrizana dela diote.

Greba eskubidea errespetatzea

Deialdi honen harira, LABeko kideek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gehiegizko zerbitzu minimorik ez ezartzeko. Izan ere, horrek de facto greba eskubidea baliogabe uzten dutela adierazi du gaurko agerraldian Juankar Vizanek. 

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiari gatazkan esku hartzeko eskaera luzatu diote, zaintza lanen pribatizazioaren "erantzule nagusia" dela uste baitute. Izan ere, Nekane Olaldek adierazi duenez, "ondo baino hobeto daki zein baldintzatan lan egiten dugun", baina gaur-gaurkoz ez da negoziaketetan sartu, patronalaren eta langileen ordezkarien arteko auzia dela argudiatuta. Bada, ildo horretan sindikatuaren eta patronalaren arteko harremana ez da ona izaten ari, eta, LABek jakitera eman duenez, une honetan negoziaketak ez doaz ez aurrera eta ez atzera.