Bi txapeldun izango dira Miribillako pabilioian abenduaren 18an. Gaur egungoa, Onintza Enbeita muxikarra, eta 2016ko edizioko irabazlea, Etxahun Lekue larrabetzuarra. Horiekin batera, Aitor Bizkarrak, Jone Uriak, Nerea Ibarzabalek eta Xabat Galletebeitiak ere ezagutzen dute Bizkaiko finala. Aldiz, debuta egingo dute Aitor Etxebarriazarraga gernikarrak eta Gorka Pagonabarraga durangarrak. Azken hori izango da guztien artean gazteena, 21 urte ditu eta.
Orain artekoetan bezala, zortzi bertsolariek bost ariketa osatu beharko dituzte lehenengo zatian, eta puntu gehien eskuratzen duten biak igaroko dira buruz burukora. Azken zati horretan hiru ariketa egongo dira, ofiziotan bi (zortziko txikian eta sei puntuko motzean) eta kartzelako lana. Arratsalde osoan zehar puntu gehien batu dituenak jantziko du Bizkaiko txapela.
Gai jartzaileak Idoia Anzorandia eta Itxaro Juaristi izango dira, eta epaimahaia honako hauek osatuko dute: Ander Txakartegi, Iñaki Aurrekoetxea, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Mirari Azula eta Miriam Juaristi. Itziar Basterretxeak jardungo du idazkari lanetan.
Bilbobusek Bilboko erdigunetik Miribillara finala ikustera doazenentzako zerbitzu bereziak jarriko ditu.
Txapel bakarra, esku bi
Aurten, lehenengoz, lagun bik jarriko diote txapela irabazleari: Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak. Biek ala biek urte luzeetan taldeari eskainitakoa saritu gura izan du hala Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, eta taldeko lanaren balioa azpimarratu: “Nabarmentzekoa da bertsolaritza zelan ulertu eta transmititu duten, jardun kolektibo moduan”.
Etxebarria larrabetzuarra da. Eskualdean egindako eragiletza beharraz gain, 2000. urtean hasi zen Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean beharrean, eta gaur egun ere bertan jarraitzen du. Elkarteko Zuzendaritza Batzordean ere urteetan ibili izan da.
Enbeita muxikarra, berriz, bertsolari moduan hasi zen, baina plazatik atzeko beharrera pasa zen gero. 2000. urtean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan epaile-lanean hasi zen. Harrezkero, Zuzendaritza Batzordean eta Talde Antolatzailean aritu izan da.