Kalean geratuko diren 90 langileetako askok urteak daramatzate lan horretan, behargin horien ordezkariek gaurko agerraldian jakinarazi dutenez. Osasun zerbitzu pribatuko enpresa horrek urtarrilaren 1etik aurrera plantilla berria kontratau nahi du, eta, salatu dutenez, zereginak eta lan egiteko moduak azaltzeko ardura oraingo langileen gain jarri nahi du. Honela azaldu dute egoera langileek: “Gutako askok 10, 15, 20 edo 40 urte daramagu IMQrentzat lanean. IMQk trufa egiten digu. Argi dago merkantzia baino ez garela haientzat, egun batetik bestera bota daitekeen merkantzia”.
Beste kontu batzuen harira, lehenago ere izan dira tira-birak IMQ-ren zuzendaritzaren eta beharginen artean. Orain, azpikontratatutako langileak kaleratzeko eman duten argudioa izan omen da berriak kontratatzea, antzinatasunik gabe, plusik eta hobekuntzarik gabe, merkeagoa eta errentagarriagoa dela.
ELAk IMQren jokabidea salatu du. “Bere jarduerarekin, IMQk, urte askoan bere zerbitzura egon direnak langabeziara kondenatu, eta langileen erretiroak arriskuan jartzen ditu”. 90 langileok beren lanpostuetan jarrai dezaten, baliabide sindikalak nahiz judizialak erabiltzeko asmoa agertu du sindikatuak.
Gehiegizko gutxieneko zerbitzuak
Grebari dagokionez, langileek Lan Sailaren jarrera gaitzetsi dute, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri baititu. “Gutxieneko zerbitzuak agintzen dira oinarrizko eskubideen arteko talka gertatzen denean. Haatik, kasu honetan osasun eskubidea erabat bermatuta dagoela uste dugu, IMQko erabiltzaileek, biztanle gehienek bezalaxe, osasun zerbitzu publikora jo baitezakete. Jardueraren %100 mantendu behar dela esatea da aseguro pribaturik ez dugunok osasunerako eskubiderik ez dugula. Hau ez da lehenengo aldia Idoia Mendiaren sailak greba eskubidea goitik behera urratzen duena; gainera, beste kasu batzuetan bezala (zaintza), oraingoan ere sektore feminizatu batez ari gara, garbitasuna", adierazi dute.
Eusko Jaurlaritzari esku hartzeko eskaera luzatu dio sindikatuak, eta eskatu dio kontuan har dezala langile hauek funtsezkoak izan direla eta izaten jarraitzen dutela pandemia egoeran.