Duela hilabete inguru eman zuen AZET Etxebizitza Sindikatuak Erribera kaleko 9. atariko bizilagunen egoeraren berri, eta gaur iritsi da etxea uzteko eguna bertako hiru familiarentzat. "Hilabete batzuk izan ditugu 20 urtetako oroitzapen eta sustraiak kutxetan sartu eta alde egiteko", adierazi dute goizean egin duten prentsaurrekoan.
Gainerako bizilagunek beren etxeetan jarraitzen dute momentuz, baina susmoa dute jabe berriaren asmoa dela horiek ere ataritik joatea. Etxeak aurten erosi dituen jabe berriaren asmoetan auzokideak "soberan" daudela uste dute.
Hala, gaurkoa ezkutuko etxegabetze bat izan dela argi daukate, tartean agindu judizialik eta poliziaren agerraldirik egon ez bada ere. "Gure kasuan bezala bloke oso bat jabe handi bati saltzen zaionean ere, bertan bizi diren familiak alde egitera behartuz, etxegabetze bat gertatzen ari da", esan dute. Hala, "estatistika ofizialetan agertuko ez den etxegabetze" gisa deskribatu dute.
Auzokideek bi exijentzia luzatu dizkiote jabe berriari: "Blokean geratzen diren auzokideek lehengo jabearekin sinatutako kontratua errespetatzea, bai iraupenari dagokionez, bai alokairuaren prezioari dagokionez", eta "eraikina birkalifikatzeko eta eraberritzeko obra guztiak egungo auzokideekin adostea, haien bizitza eta egunerokotasuna oztopatu gabe".
Etxe-agentziaren erantzukizuna ikusarazteko ekintza
Prentsaurrekoaren ostean, Somera kalean dagoen izen bereko etxe-agentziaren bulegora jo dute auzokideek nahiz AZETeko kideek, eta etxe-aldaketa irudikatzen zuten kutxak eta poltsak utzi dizkiete atean. Sindikatuak azaldu du agentzia hori aritu dela bitartekari lanetan Erriberako blokea erosi duen jabearekin, eta higiezinen enpresa horien papera salatu dute: "Etxebizitzaren problematikan, merkatu espekulatiboan eta auzo herrikoien suntsiketan paper erabakigarria jokatzen dute".
Aditzera eman dute, bestalde, agentziok "turistifikazioaren subjektu aktiboak" direla eta, horrenbestez, auzoen gentrifikazioa bultzatzen laguntzen dutela, herritarren "etxebizitza, oinarrizko beharrak eta bizitza bera" negozio bilakatuz.
Bada, Erriberako kasua espekulazioaren adibide argia dela uste du sindikatuak, eta nabarmendu du praktika horiek aipatzen dituztenean ez direla pertsona gaizto baten jokabide maltzurraz ari, baizik eta egiturazko arazo batez. Bada, "espekulatzaileei alfonbra gorria jartzen dieten instituzioak" ere erruduntzat jo dituzte.
Saretzen jarraitzeko asmoa
Etxebizitzaren inguruko aipatutako egiturazko arazo horri aurre egiteko lanetan dihardu AZETek sorreratik, eta han-hemen antolatzen ari diren talde eta sindikatuekin lankidetzan eta saretzen segitzeko asmoa dutela jakinarazi dute gaur.
Ildo horretatik, AZETek baditu beste bi egoera begiz jota. Alde batetik, Bilbo Zaharreko familia batek etxegabetze agindua jaso duela eta, asanblada irekia egingo dute ostiralean, hilak 17, 18:30ean Bilbo Zaharreko Kultur Etxean. Eta bestetik, Sabadell bankuak Gorte kaleko familia bat kaleratu nahi duela salatu dute.