Udalbatzan hartutako konpromisoak hankamotz geratu dira EH Bilduren ustez

uriola.eus 2021ko abe. 15a, 14:15

Jone Goirizelaiak kritikatu du osoko bilkuran onartutako hainbat proposamenen gauzatze maila "eskasa" izan dela, eta gaineratu du martxan jarritako hainbat proiekturen gaineko jarraipena albo batera utzi duela udal gobernuak. Hala, hartutako konpromisoak %100ean betetzeko eskatu du.

EH Bilduko bozeramaleak gogora ekarri du Osoko Bilkurak konpromisoa hartu zuela Eusko Trenbide Sareari eskatzeko amaitu dezala Bilboko metroaren 4. linearako informazio-azterlana idazteko zerbitzua, eta horren ostean parte hartze prozesua gauzatu eta aukerarik egokiena onar dezala, ahalik eta lasterren hasteko lizitazioa. Bada, koalizioak salatu du gaur gaurkoz dakiten gauza bakarra dela udal gobernuak akordioa ETS-ri bidali diola, baina azken horren erantzunari edo idazketaren egoerari buruz ezer ere ez dutela jakinarazi.

Burtzeñako zubia estaltzeko alternatiba aztertzeko konpromisoaren adibidea ere jarri du Goirizelaiak, eta azpimarratu du Barakaldoko Udalarekin partekatutako proiektu horretan zerbait zehaztu ote den ez dakitela.

“Eta gauza bera gertatzen da kirol federazioen nazioarteko ofizialtasuna sustatzeko konpromisoarekin eta banketxeei beren bulegoetan leihatila zerbitzua eguneroko ordutegian eskaintzeko eskaerarekin. Gobernuak akordioa soilik bidaltzen du, besterik egin gabe”, adierazi du.

Bilbobusen lineei buruzko azterketa ere eskatu zuen EH Bilduk, baina egiteke dago oraindik. Horrek, Goirizelaiaren ustez, egungo lineak auzoen beharrizanetara egokitzeko jarduketak egin ahal izatea galarazten du.

Aipatutakoez gain, "bilbotarrekiko erantzukizun eta konpromiso falta" erakusten duten beste zenbait proiektu zerrendatu ditu koalizioaren ordezkariak: "Ez da gauzatu Udalean euskararen erabilera areagotzeko akordioa, ez da ezarri eskola-bideen programa, ezta aniztasun funtzionala duten pertsonen elkarteetako pertsonen parte-hartzearekin irisgarritasun unibertsalean aurrera egiteko jarduera-irizpideak ezartzeko konpromisoa ere, eta ez dakigu Bilbok agroekologiaren aldeko hirien sarearekin bat egin duen”.