Pandemian funtsezkoak izan diren 7.000 langile baino gehiagori eragiten die akordioak, eta iazko abendutik ez da eguneratu.
Patronalak eskaintzen dizkien soldata igoerak "barregarriak" dira, UGT Euskadiko Pilar Sanzen esanetan: "Kontuan hartuta urteko KPI %5,1era igo dela eta argindarraren prezioa eta beste guztia gora doala, KPIaren erdira ere iristen ez diren igoerak eskaintzen dizkigute". Gutxienez KPIarekin parekatzeko eskatzen dute langileen ordezkariek, baina patronalak dio ezin dituela igoera horiek bere gain hartu.
Sanzek gogorarazi du garbitzaileak ezinbesteko langileak izan direla pandemia garaian: "Ordu mordoa sartu dugu desinfektazio lanetan, baina negoziatzeko orduan ez gaituzte aintzat hartzen".
CCOOko ordezkari Miguel Ángel Mongek, aldiz, gogorarzi du partzialtasuna dela sektore horretako langileek jasatzen duten arazo nagusietako bat: "Ia mundu guztiak ditu lanaldi partzialak, eta ez dute izaten apenas lansaio osoa lortzeko aukerarik". Hala, egoera hori konpondu edo arintzeko lan postu hutsak betetzeko eta lan poltsak izateko eskaera mahai gainean jarri dute, baina patronalak ez omen du negoziatzeko asmorik erakutsi.