Lansaioaren erregistrorik ez egitea, langileei nominak ez bidaltzea, soldatak berandu ordaintzea edo ez ordaintzea, justifikaziorik gabeko deskontuak nominetan (ustezko isunak eta aurrerakinak argudiatuta), laneko egutegirik ez izatea (langileek ez dakitelarik noiz izango dituzten oporrak), eta laneko arriskuen prebentzioarekin zerikusia duten aktak dira Laneko Ikuskatzailetzak ireki berri dituenak. Zerrendako azken horri lotuta, bi akta ireki dituzte; bata, COVID-19ari buruzko informaziorik ez emateagatik, eta bestea, babes ekipamendurik (maskarak) ez emateagatik eta ibilgailuak ez desinfektatzeagatik.
UGT Euskadi sindikatuaren Errepideen sektoreak enpresa horren arau-hausteak salatu izan ditu 2020an zein 2021ean zehar eta, horrenbestez, pozik agertu dira egindako urratsarekin.
ABEEri lotutako ikerketa
Bestalde, UGT-k Euskalherria VTC enpresaren aurka jarritako beste salaketa bat ere ikertuko dute, aparteko espediente batean. Langile batzuk Ezinbesteko ABEE egoeran egon bitartean jende berria kontratatzeagatik nahiz sei hilabetez enplegatzeko konpromisoa bete barik langileak kaleratzeagatik seinalatu zuen sindikatuak enpresa hori.
Azkenik, lan arloko epaitegiaren aurrean ere salatu du UGT-k gidaridun ibilgailuen konpainia, Autotaxi bidezko garraioaren hitzarmena aplikatzeagatik Bizkaiko bidaiarien garraio erregular eta eskatu ahalakoaren hitzarmenaren ordez.