Auzorik auzo ibiliko dira Olentzero eta Mari Domingi

uriola.eus 2021ko abe. 22a, 17:41

Udalak urtero antolatzen duen harrera aurten Arriaga antzokira eramango duten eta bertaratu ahal izateko sarrerak dagoeneko agortu diren arren, egunean zehar Bilboko hainbat txokotan aurkitu ahal izango dituzte umeek Gabonetako protagonistak. 

Auzotarrok taldeak asteon salatu du Covid-19 birusaren intzidentzia altuagatik Bilboko Udalak hartutako erabakia, Olentzero eta Mari Domingiren desfile ofiziala bertan behera utzi eta umeentzako harrera antzokira eramatearena.

Dena den, gaur aditzera eman dute neska-mutikoek beren auzoetan bertan jasoko dutela ikazkinen bisita. Zehazki, honako auzo hauetan egongo dira abenduaren 24ko egunean zehar: Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, Deustu, Erribera, Indautxu, Irala, Otxarkoaga, Santutxu, Uribarri, Zorrotza, Zurbaran eta Zurbaranbarri.

EH Bilduk udalaren erabakia gaitzetsi du

Gai honen harira, Bilboko EH Bildu alderdiak ohar bat kaleratu du, azaltzeko ez dutela begi onez ikusten Bilboko Udalak hartutako erabakia, "aldebakarrekoa" izan dela baitiote. Hala, "kudeaketa okerra" egotzi diote udal gobernuari, “guztiz inkoherentea” delako eta “osasun ikuspuntuak kontuan hartzen ez dituelako”.

Bestalde, Arriaga antzokian egingo den ekitaldiaren kudeaketa kritikatu du Goirizelaiak, “herritarrak sarrera bat lortzeko lehiatzera behartzen baitu eta hirian dagoen arrakala digitalean sakondu”. “Sarrerak salgai jarri dira on line asteartean 10:00etan eta 11:40an agortuta zeuden. Argi dago bilbotar askok eta askok ezin dituztela izapide horiek ordu horietan egin, horretarako baliabiderik edota denborarik ez dutelako, eta seme-alabak Olentzero ikustera joan ahal izateko sarrerak erosteko inolako aukerarik gabe geratzen dira”, adierazi du.