Ertzetik begiratzetik bete-betean murgiltzera

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2021ko abe. 23a, 13:00
Lamiak UBR taldeko kideak asteburuan Sevillan jokatu den Mater Series txapelketan (Argazkiak: Universitario Bilbao Rugby)

Universitario Bilbao Rugby elkartearen baitan sortutako Lamiak UBR taldea 35 urtetik gorako emakumeez osatuta dago, eta asteburuan jokatu dituzte lehenengo partida ofizialak, Sevillan. Nekatuta baina pozik itzuli da taldea etxera Mater Series txapelketan parte hartu ostean.

2018-2019 denboraldian sortu zen Lamiak UBR taldea, Universitario Bilbao Rugby elkarteko hainbat taldetan entrenatzen zuten haur eta gaztetxoen ama batzuk elkartuta. Tamalez, Covid-19aren pandemia iritsi zen ekimena martxan jarri eta gutxira, eta ia bi urteko etena izan du taldearen jardunak. Oraingo ikasturtean, baina, entrenamenduei berrekin diete, eta asteburu honetan lehenengo txapelketa ofizialean parte hartu dute, non eta Sevillan, Mairena de Aljarafe herrian jokatu den 35 urtetik gorakoen Mater Series txapelketan. 24 taldekide bertaratu dira guztira.

Taldearen bigarren etapa honetan Irene Alonsok eta Arrate Jorgek hartu dute gidaritza. Universitario Bilbao Rugbyko senior taldeko jokalariak dira biak, eta ilusioz eta gogoz heldu zioten erronka berri honi, Jorgek azaldu duenez: “Hasieran errespetu apur bat ematen zidan. Izan ere, nik 10 urte inguruko umeak entrenatzen nituen, eta ni baino nagusiagoa zen jendea entrenatzera pasa nintzen bapatean”.

Taldekide nagusienak 53 urte ditu, eta txapelketan batezbesteko adinik altuena izan duen taldeetako bat izan da Lamiak UBR. Ez dira, baina, beteranoak bere horretan, gehienek ez baitute jokatu gaztetan. Partaide ia guztiek oraintsu zapaldu dute lehenengoz errugbiko zelai bat, eta askok arauak ere hutsetik ikasi behar izan dituzte.

Entrenamenduak jokalarien ezaugarrien eta aldartearen arabera antolatzen dituzte Alonsok eta Jorgek. Iraileko lehenengo entrenamenduan, esaterako, jolasak prestatu zituzten eta saio lasaia egin zuten, birusak eragindako geldialdi luzearen osteko itzulera izan baitzen. Bada, amaitzean galdetegiak pasa zizkieten entrenatzaileek jokalariei, beren sentsazioen eta iradokizunen berri izateko, eta jokalariek haiek ere estimatzen dute hori. Hala azaldu du Itsaso Larrieta erdilariak: “Inplikazio handia erakusten dute eta lan handia egiten dute Arratek eta Irenek. Neska gazte bi dira, eta denbora zein gogo asko jartzen dute guri irakasten eta prozesu osoan zehar laguntzen”.

Debut pozgarria

Mater Series txapelketan Malas Madres, Camaleonas eta Khalesis taldeen aurka aritzea egokitu zaie bilbotarrei. Ez zuten garaipenik eskuratu ahal izan, baina lehenengo aldia izateko oso duinki aritu zirenaren irudipena daukate. “Hasieran oso urduri zeuden, baina zelaian sartu bezain laster hasi zen ikusten entrenatu genuen guztia. Egia esan, oso ondo egin zuten”, adierazi du entrenatzaileak, eta jokalaria ere bat dator iritzi horrekin: “Egia da ez dugula partidurik irabazi, baina aurkarientzat konplikatua izan da gure kontura puntuak lortzea. Hortaz, defentsa arloarekin oso pozik gaude. Eta erasoan ere bai, baina igarri da besteek denbora gehiago zeramatela jokatzen eta esperientzia gehiago zeukatela”.

Hain zuzen, azkenaldiko entrenamendu berezietan landutakoaren isla izan zen taldeak Sevillan egin zuen jokoa. Izan ere, ohiko jardunaz harago, teknika berri batzuk landu dituzte hitzordu horren harira. “Ahalegindu gara sorbalda sartzen apur bat, guk ez dugu plakajeekin jokatzen eta. Soilik ukitzera jokatzen dugu, eta txapelketan oratzera jokatu behar zen. Hortaz, azken asteetan ezkutuak erabili ditugu sorbaldak prestatzeko, nola sartu ikusteko… Eta, egia esan, nahiko ondo atera da. Partiduan plakaketa bikoitzak eta guzti egin zituzten”; harriduraz mintzo da Arrate Jorge.

Edonola ere, emaitzez harago, bizi izandako esperientzia nabarmendu gura izan dute lamiek; halaxe azaldu du Larrietak: “Ilusio handiarekin joan ginen, tentsio handiarekin. Eta aukera bat izan da entrenamenduetan egiten ari ginenaz gozatzeko, errugbira jokatu eta geure artean are gehiago batzeko”. Hustuta amaitu zuten guztiek ere txapelketa, eta aste honetako entrenamenduan yoga saio bat eta guzti txertatu dute, ondo luzatu, erlaxatu eta behar bezala indarberritzeko.

Mater Series txapelketaren baitan beste bi topaketa izango dira ikasturte honetan. Sevillako egonalditik gustura itzuli direnez, eta data aldetik ondo ote datorkien aztertu ostean, ziurrenik hitzordu horietara ere animatuko direla aurreratu digute txuri-gorriek.

Lagunarteko giroa nagusi

Errugbiaz sarri esaten da kiroltasun handiko diziplina dela eta giro ona egon ohi dela taldekideen artean nahiz aurkariekin. Horixe da Lamiak UBR-ren kasua. Adibide gisa, azken bi jaizubietan ea entrenatu zezaketen galdetu zieten jokalariek entrenatzaileei, baita hala egin ere, azkenengoan txingorraren azpian eta guzti. Arrate Jorgek dioen bezala, “gustura ez baleude, ez luke halakorik eskatuko”.

Bestalde, Sevillan hirugarren denbora deritzona ezagutu ahal izan dute lamiek. Itsaso Larrietaren hitzak datoz jarraian: “Hor, alde batera uzten da zelaian gertatu ahal izan den guztia, tirabira txiki guztiak… Giro ona baino ez dago, jendea hurbiltzen zaizu eta jan-edana eskaintzen dizu, partiduari buruz hitz egiten da…”.

Giro on horixe da bere garaian Larrieta Lamiak taldearekin bat egiteko erabakia hartzera eraman zuten arrazoietako bat. 39 urte zituela hasi zen, honela: “Nire semeak 12 urte ditu orain. Bada, errugbian hasi zenean, entrenatzen ikusten nuen, eta nik ez neukan ideiarik ere errugbiaz, baina inbidia pasatzen nuen. Entrenamenduak oso dibertigarriak ziren. Eta gogoan dut irail batean, 2018an edo, ama bat hurbildu zela esanez amekin osatutako talde bat jarri nahi zutela martxan. Esan zuen arratsalde batean hasiko zirela entrenatzen, eta bertaratu nintzen. Probatu nuen eta pilo bat gustatu zitzaidan. Geroztik, uste dut hiruzpalau egunetan baino ez dudala kale egin”. Gainera, nabarmendu du "edonorentzako tokia" duen kirola dela errugbia, eta "oso inklusiboa", zelaian bakoitzak bere kokalekua eta rola izaten baititu. Hala, orotariko ezaugarriak dituzten jokalariak dira ongietorriak.

Astelehenetan egiten dituzte errugbi entrenamenduak, 18:00etatik 19:30era Errekaldeko El Fango kiroldegian. Horrez gain, baina, astean zehar pesak eta gimnasioko lanak ere egiten dituzte askok. Bada, norbaitek probatzeko gogoa izanez gero, bertaratu eta proba egiteko deia egin dute taldekideek. Bestela, Instagram bidez (@lamiakubr edo @unibilbaorugby) ere jar daiteke Lamiak UBR-rekin harremanetan. “Probatzera etorri diren gehienak geratu dira”, azpimarratu du Larrietak.