Elkartenet Hezkuntza Elkartea 2019an sortu zen San Frantziskoko Harrobia Ikastolako ikasleen eta hainbat langileren eskutik. Irabazi asmorik gabeko elkarte honen proiektu nagusia Kimu Digitalak da, aplikazio didaktikoen bilduma bat, eta horren euskarria berriz, Txiki Linux sistema eragilea.
Bada, Amazig jatorriko pertsonen elkargune den Barakaldoko Agharas taldearekin batera berriki abian jarri duten Ikasgelak Basamortuan proiektuaren bidez, Amazig herriko gazteen bizi baldintzak hobetu nahi dituzte, eta kalitatezko hezkuntza bat jasotzeko eskubidea erdiesteko urratsak egiteko laguntza eskaini.
Kimu Digitalak proiektuaren baitan egiten duten lana, beraz, Mellab eskualdeko ikasleentzako egokitzen dihardute orain, beraz. Honela azaldu du Elkarteneteko Jabi Alfarok: “Jada erabiltzen ez diren ordenagailuak berpizten ditugu. Adibidez, eskoletan erabili ohi dituzten Eskola 2.0 eramangarriak. Eusko Jaurlaritzak bere garaian 80.000 inguru erosi zituen, eta gaur egun eskoletatik kentzen ari dira, Chromebook berriak jarriko baitituzte horien partez. Orduan, ordenagailu horiek jaso, Txiki Linux sistema eragilearekin egokitu, eta eskoletara itzultzen ditugu, 1., 2. eta 3. mailako ikasleek erabili ahal izan ditzaten”. Berrerabilpen horrekin jantziekin bezala gertatzen dela dio Alfarok: “Gure anai-arrebei txiki geratzen zaizkienak guretzako guztiz aproposak izan daitezke”.
Hala, Elkarteneten sistema eragile horrekin primeran dabiltza berriz ere ordenagailuak. “Ordenagailu txikia baina osoa da”, dio Alfarok. Izan ere, denetarik dauka; askotariko aplikazioak, nabigatzailea nahiz suite ofimatikoa.
Prozesuaren nondik-norakoak
Bada, ekimen hori basamortura helarazi nahi dute orain, Amazig ikasleei etxeko lanekin laguntzeko, lana bilatzeko webguneetan sartu ahal izan daitezen, eta abar. Hain zuzen, Mellab inguruan ikasgelak sortzeko asmoarekin jo zuen Agharasek Elkarnetera, ekipamendu teknologikoa lortzea baitzen beharrizanetako bat. Mohamed Saadi arituko da bai irakasle lanetan, bai proiektuaren koordinatzaile nagusi gisa, eta bera izango da Mellab eta Euskal Herria lotzeaz arduratuko dena.
Horretarako egin behar izan duten lehenengo gauza, Jabi Alfarok azaldu bezala, ordenagailuak Mellabeko ikasleek erabiltzeko moduko moldaketak aurrera eramatea izan zen: “Gure sistema euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago. Hortaz, frantsesezko bertsio bat prestatu genuen, eta euskal literatura ikasteko aplikazioak frantses literaturakoekin ordeztu genituen, besteak beste”.
Hala, lehenik eta behin sei bat ordenagailu prestatu zituzten Bizkaian bizi diren Amazig ikasleek proba zitzatzen. Urrian, Mellabera eraman zituzten, eta hango ikasleekin, elkarteekin eta gurasoekin ere egin zituzten probak. “Pilo bat gustatu zitzaien eta esan zuten baietz, nahi zituztela”, azaldu du Elkarteneteko ordezkariak.
Gailuak nondik eskuratzen dituzten galdetuta, honako hau adierazi du Alfarok: “Gipuzkoako Hezkuntza Sailera jo genuen, bajan emandako ordenagailuak jasotzeko baimena eskatzera”, azaldu du. Baita lortu ere. Hortaz, ordenagailuak doan jaso dituzte eta, noski, doan emango dizkie basamortuko ikasleei. Bizkaiko Aldundiarekin ez dute akordio berbera lortu oraingoz. Gainera, Txiki Linux guztiz libre eta doan da. Hain zuzen, edonork deskarga dezake Elkarneten webgunearen bidez.
Zabalpen fasea.
Proiektua ahalik eta gehien ezagutaraztea da orain esku artean duten erronketako bat, bereziki hezkuntzaren bueltan dihardutenen artean. “Azken finean, hango irakasle, ikasle eta familientzat izango da; hortaz, hemengoen laguntza behar dugu. Guk bitartekari lanak egingo ditugu”, zehaztu du Jabi Alfarok.
Eta beste erronka da proiektua errealitate bihurtzeko 25.000 euro behar dituztela. “Diru hori behar dugu hara eramateko ordenagailuak, 10-11 laguntzaile joan daitezen, material didaktikoa prestatzeko, eta abar”. Egitasmoaren harira berariaz sortu duten webgunean aurki daiteke informazio guztia, eta ekarpena ere egin daiteke helbide horretan bertan.