Duela egun gutxi onartutako lan-erreforma berri honen egitura ez da sorpresa izan sindikatuko idazkari nagusiarentzat: “Guk hasieratik esan dugu ez dagoela lan erreformaren indargabetzea eta patronala akordioan egotea batuko dituen itsasgarririk”. Akordioa ezagutu baino lehen, ezetza eman zioten eta urtarrilaren 27rako antolatu dituzten mobilizazioen garrantzia azpimarratu dute. Hala, lan-erreformaren aurka egiteko deia luzatu diete herritarrei.
Hitzarmenari kritika hau hiru elementuren inguruan egin du Aranburuk: hitzarmen autonomikoa gainetik ez egotea, negoziazio kolektiboa apurtuz; kaleratzeak oso errazak eta merkeak izaten jarraitzea, eta lan harremanetan aldaketarik ez egotea. Horrek guztiak, eragingo du pobretzea eta prekarizazioa bere baitan jarraitzea eta emakumeen diskriminazioan aldaketarik ez egotea.
Nazio desberdinetako 15 sindikatuk bat egin dute erreformaren kontra, baina negoziazio horren barruan Euskal Herria ez da ordezkatuta egon, gehiengo sindikalaren faltan. Arazo hori azpimarratuz, begirada Madrilen jartzeaz gain Euskal Herrian ere jartzea eskatu du: “Lan erreformarako kontrako partida hori, Euskal Herriko markoan ere jokatzen da”. Beste askotan egin duten moduan, bide propioa egiteko aukera aurkeztu du. Sindikalismoari esker beste errealitate bat lortzeko aukera: “Lan erreforma honen neurri atzerakoienak Euskal Herrian ez aplikatzea da helburu nagusia”.
Bertako instituzioei begira
Horretarako, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan bi lege proposamen erregistratu dituzte. Eztabaida soziala bilatzeko bi proposamen hain zuzen ere. Horietako bat, lanaren prekarietatearekin amaitzeko eta lan duinaren aldeko lan kode bat izango da. “Gasteiz eta Iruñeko gobernuei interpelatu behar zaie, bestelako enplegu politikak bultzatu ditzaten eta beraien eskumenen barruan lan prekarietatearekin amaitzea ere helburu bezala jar dezaten”, eskatu du Garbiñe Aranburuk. Izan ere, akordio hau EH Bilduren abstentzioarekin atera zen aurrera.
Ildo horren barruan, gai hauen inguruan erabakitzeko burujabetza falta dagoela onartu du. Hala ere, Madrilen egingo ez den aldaketa hori Euskal Herrian egiteko bidea dagoela azaldu du Aranburuk. Horretarako, Confebask eta CEN batzordeekin prekarietatearekin amaitzeko akordio interprofesional baterako proposamena erregistratu dute. 1.400 euroko soldata minimoa ezartzea, kaleratzeak zailtzeko proposamena, soldata arrakalari aurre egitekoa eta beste hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean.
Amaitzeko, patronalak dituen abantailak berriz azpimarratu ditu: “Hau ezin da izan patronalaren eta sindikatuen arteko kontu bat. Azken urteetan erabateko desoreka eman da lan harremanetan patronalaren alde, eta gobernuak beste erabaki batzuk hartzera behartzen gaitu”. Patronalaren eta gobernuaren artean existitzen den sinbiosiarekin amaitzeko garaia dela gehitu du.
Greba orokorraren beharrean
Urtarrilaren 27an protesta egunerako deialdia egin arren, greba orokor baten beharra azpimarratu du Garbiñe Aranburuk. “Ziklo ekonomiko eta sozial berri honek eramango gaitu bestelako mobilizazioetara”. Haren ustez, greba egiteko itxarotea aukera okerra izan da. Hasiera batean, ELA sindikatuarekin harremanak zaildu arren, egoerak mobilizazioetan bat egitera bultzatuko dutela aitortu du. Sindikatuen arteko elkarlana ezinbestekotzat jo du.