Pentsiodunen mobilizazioen laugarren urteurrena

uriola.eus 2022ko urt. 12a, 12:21

Pentsionisten asteroko borroka lau urte bete ditu

Berdin dio nork gobernatu, guk pentsio publikoak defendatu! lelopean Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduak mobilizazio berezia deitu du urtarrilaren 15erako. Astero elkartzen hasi zirenetik lau urte pasatu dira eta elkarretaratzea prestatu dute Bilboko Kale Nagusian 12:00etan.

2018an hasi zituzten Euskal Herriko pentsiodunek mobilizazioak. Lau urte geroago borrokan jarraitzen dute astero. Larunbat honetarako Euskal Herriko pentsiodun eta langile orori egin diete kaleak betetzeko deia: “Pentsio publiko duin eta nahikoak, soldata eta lan baldintza duinak, eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzea aldarrikatu nahi dugu”.

Duela gutxi 2021ko azaroan, pentsioen erreforma berri bat onartu zen. Hala ere, mugimenduaren esanetan ez ditu 2011ko erreformako pentsioen murrizketak indargabetu. Horren ondorioz, erosteko ahalmena %3a baino gehiago murriztuko zaiela salatu dute. Beren aldarrikapen gehienak erreformatik kanpo geratu direla gehitu dute: “Gutxieneko pentsioek miserableak izaten jarraituko dute, aldarrikatzen ditugun 1.080 euroetatik oso urrun”.

Mugimendu horietara Oneka, euskal emakume pentsionisten plataforma gehitu da. Emakumeen eta, bereziki, adineko emakumeen egoera bistaratu nahi izan du. Azaldu dutenez, 1000€-tik beherako pentsio guztien %72,33 emakumeenak dira. Horrek, adineko hainbat emakume “pobrezia egoera” aurrean uzten ditu. Mobilizazioaren garrantzia azpimarratu dute, nekerik gabeko zahartzaroaz gozatu ahal izateko.

Aldarrikapenak onartzeko garaia

Arazo guzti hauen aurrean, 2018an egin zuten moduan, pentsiodunek, gaur egungo Espainiako gobernuari mugimenduaren aldarrikapenei erantzuteko eskatu diote. “2011, 2013 eta 2021eko erreformen alderdi atzerakoiak indargabetu egin behar dira, eta KPI errealaren igoera berehala aplikatzea eskatzen dugu. Ez dago pentsio duinik soldata duinik gabe”. Erreforma guzti horiek eskatzeko eguna izango da larunbata Euskal Herriko hiriburuetan, Eibarren, Ondarroan, Tafallan, Altsasun eta Lizarran.