Etxegabeentzako aterpe plaza gehiago jarriko ditu udalak egunotan

uriola.eus 2022ko urt. 14a, 10:43

Hotz handia egingo duela eta, dispositibo berezia jarriko dute martxan behin-behinean, tenperaturak berriz ere gora egin arte. Bitarte horretan, zerbitzuaz baliatu ahal izateko ohiko baldintzak malgutuko dituzte.

Azken kontaketen arabera, 300 bat pertsonak igarotzen du gaua kalean egunero Bilbon. Bada, eguraldi aurreikuspenek diote datozen egunetan 2 eta 4 gradu bitarteko tenperaturak izango direla hirian gaueko eta goizaldeko orduetan. Horren ondorioz, Bilboko Udalak jakinarazi du etxerik ez duten pertsonek gaua aterpean igaro ahal izateko baliabideak indartuko dituela dispositibo berezi baten bidez. Gizarte Ekintza Saileko zinegotzi Iñigo Zubizarretan zehaztu du neurria "eguraldi txarrak iraun bitartean" egongo dela martxan.

Zerbitzu hori behar duten pertsonak Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin (Uribitarte kalea 11, 94 470 14 60 telefonoa), kalean lan egiten duten gizarte-hezitzaileen taldearekin edo Udaltzaingoarekin (092-112) harremanetan jarri beharko dira. Dena den, udaletik zehaztu dute lankidetzan dabiltzala Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta eguneko arretako gizarte baliabideekin, pertsona zaurgarri horiengana zuzenean iritsi ahal izateko.

Aurten 365 aterpe plaza finko jarri ditu Bilboko Udalak etxegabeentzako ohiko zerbitzuaren baitan. Bada, datozen egunotan malgutu egingo dituzte horiek erabili ahal izateko egunerokoan jarri ohi dituzten baldintzak, "ahalik eta pertsona gutxien egon daitezen kalean lotan".

Zubizarretak azaldu du Bilboko Udalak aldatu egin duela aurten etxegabeei laguntzeko kudeaketa sistema: "Orain arte negua hasten zenean martxan jartzen genituen plaza berri batzuk. Aurten, plazak gehitu egin ditugu, 365era, baina horiek urte osoan zehar egongo dira".

Urte hasiera tragikoa

Etxegabeen gaiari lotuta, gogorarazi behar da Zabalgune plazan gaua igaro zuen emakume bat zendu zela Bilbon hilaren 3an, urtea hasi berri den honetan. Egun berean, Atxuriko kirol kantxetan hesiak jarri zituen udalak, eta hainbat herritar protesta egitera atera ziren kalera; izan ere, zenbait pertsonak gaua igaroten zuten azkenaldian leku horretan. Eta, horrez gain, Deustuko Erriberan eraitsi nahi duten pabilioian babesten den zortzi pertsonako taldeak ere ziurgabetasunez bizi ditu egun hauek.