Covid-19aren ondorioei aurre egiteko plana

uriola.eus 2022ko urt. 14a, 11:26

Plana sinatzeko ekitaldiaren irudia (Argazkia: Bilboko Udala)

Bilboko udalak hiriaren suspertze soziala, ekonomikoa eta kulturala bultzatzen laguntzeko 21 neurri atera ditu aurrera. Planak 6,5 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du eta udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek adostu eta sinatu dute.

Covid-19aren agerralditik, udalak krisi honi aurre egiteko hainbat plan atera ditu aurrera. 2020an, Aurrera Plana aurkeztu zuen. Urte horretan 15 milioi euro erabili ziren, eta 2021ean, plan berdinaren barruan, beste 15 milioi. Aurten, testu berri honek aurreko planarekin bat egiten du. Neurri sorta berri honekin, Bilboko inor atzean ez geratzea bilatzen da Covid-aren ondorio ekonomiko eta sozio-sanitarioei aurre eginez.

Hala ere, testuak aldeketarako edo neurri berriak gehitzeko aukera ematen du. Salbuespenezko laguntza zuzenak eta beste administrazio publiko batzuetakoen osagarriak direnak gehituko ahal zaizkie. COVIDaren eragina gehien jasaten duten sektoreetarako, Bilboren sustapen eta dinamizazio komertzialerako aparteko plan bat lantzeko aukera aurreikusten du. Garrantzi handiko datetarako eta merkatari-elkarteentzako nahiz beste eragile batzuentzako laguntza tekniko eta ekonomikoak ere jasotzen ditu.

Neurrien barruan jaso ez diren beste esparru batzuk indartuko dira, pandemiaren bilakaeraren arabera. Garbitasunean, mugikortasunean, espazio publikoan eta hezkuntzan esaterako. Atzo aurkeztutako plana lau jarduera-eremu nagusiren inguruan egituratuko da. 

Gizarte-kohesioa indartzeko 1.700.000€ bideratu dira. Arlo honetan, krisi honek latzen jo dituen, eta arreta eta laguntza berezia behar duten guztientzako gizarte-babeserako zenbait eremu aurreikusi ditu.

Arlo ekonomikoko eta enpleguaren arloko neurrien esparrua diru gehien jaso duen eremua izan da. Gabonetako ez-ohiko plana barne, merkatariak eta ostalariak laguntzeko eta enplegua sustatzeko 3.780.000€ erabiliko dira.

Kulturari dagokionez, kultura-bonuak aterako ditu 300.000€-ko aurrekontuarekin eta kultura-proiektuen poltsa berezia, 500.000€-rekin. Azkenik garapen-bidean dauden eskualdeetan COVIDaren aurkako txertaketa indartzera 150.000€ zuzenduko dira.

Neurri batzuk planetik kanpo

Neurriak alderdi guztiek sinatu arren, oposizioko indarren neurri batzuk bertatik kanpo geratu dira. Esaterako, kulturaren arloan jai-batzordeentzako laguntzak kanpo geratu dira. Hezkuntzari begira, hiriko ikastetxe publikoetako haur-hezkuntzako geletan CO2 neurgailuak eta airea iragazteko ekipoak jartzeko neurria kanpo geratu da.

Eskoletako jangelak

Covid-19aren ondorioekin jarraituz LAB sindikatuak salatu du, eskola-jangeletako enpresak ez direla ari Covid-aren ondorioz baja medikoan dauden langileak ordezkatzen. Horren ondorioz, exijitu diote Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari, jangelak kudeatzen dituzten enpresak behartzea langile guztien COVID-19agatiko bajen ordezkapenak bermatzera. Baita ere, ahalik eta medio gehien jar ditzala zerbitzu seguru eta kalitatezkoa eman ahal izateko.