Azken kopako finalaren mendekua hartu du Athletic-ek (3-2)

uriola.eus 2022ko urt. 21a, 13:36
Athletic garaipena ospatzen zaleen aurrean (Irudia: Athletic Club)

Gau magikoa bizi izan zen San Mamesen. Muniainek lehen minutuan aurreratu, baina laster berdindu zuen Ferrán Torresek. Bigarren zatian Iñigo Martínezen gola behin betikoa zirudien, baina berriz lortu zuen Barçak berdintzea. Azkenean, Muniainek luzapenean sartutako penaltiak, final-laurdenetarako sailkapena eman zion. 

Julen Guerrerok zozketan Barçaren papera atera zuenetik hasi zen berotzen giroa Bilbon. Duela bi denboraldi, San Mamesen bertan talde katalana kanporatzea lortu zuten eta aurten berdina lortzeko asmoa zegoen. Hala ere, Athletic-ek igandean sufritutako porrotaz ahaztu behar zen. Txip-a guztiz aldatu behar zuen horrelako partida irabaztea lortzeko.

Zelaiaren kanpoaldean, giroak egun garrantzitsu bat izango zela iragartzen zuen. Zaleek partida hasieratik irabazten hasi ziren eta horrek izugarrizko indarra eman zion Athletic-i. Lehen minututik intentsitate osoz, markagailuan aurrea hartzea lortu zuen. Nico Williams-ek bere abiaduraz baliatu zen areara heltzeko. Bertan ez zuen lortu Sancetekin konektatzea, baina Muniain heldu zen magia egiteko. Kapitaina agertzeko eguna zen, eta izugarrizko jaurtiketarekin hankaz gora jarri zuen San Mames.

Nabaritzen zitzaion Marcelinoren taldeari gogoz atera zela zelaira. Hasierako gol horrek eta San Mamesen orroa indarra eman zion plan horrekin jarraitzeko. Hala ere, Barçak apurka-apurka aurrera egin zuen Athletic-ek atzera egiten zuen bitartean. Momentu horietan heldu zen partidako lehen berdinketa. Ferran Torresek Muniainen pareko gol batekin zelai osoa isildu zuen.

Golak ez zion indarrik kendu lehoiei

Baretasun momentu horiek gutxi iraun zuten. Zaleek bazekiten jokalariek haien beharra zutela. Giroa berriz berotzen zihoan heinean Athletic-ek gora egin zuen ere eta lehen zatiko aukera onenak izan zituzten. Nico Williamsek nahi zuena egin zuen Jordi Albarekin, baina Muniainek eta Dani Garciak ezin izan zuten bigarrena jarri markagailuan.

Bigarren zatia antzekoa izan zen. Gogo berdinekin atera ziren lehoiak aldageletatik, zaleek egin zuten moduan atsedenaldiko bokata jan ostean. Hala ere, Sanceten lesioa hasierako minutuetan hotz utzi zuen giroa. Belaunean mugimendu txar batek partidan jarraitzea galarazi zion. Gainera, bigarren zatiak, amaierara arte mugimendu eta aukera gutxi izan zituen. 

Infartuzko minutuak

Azken hamar minutuetan, partida luzapenera zihoala zirudienean, bigarren zatian ordura arte egon ez zen ekintza agertu zen. Lehenengo Williamsek, zutoina jo zuen eta minutu bat geroago Athletic-ek bigarrena jarri zuen markagailuan. Berengerrek Muniainek ateratako falta bat buruz luzatu eta Iñigo Martínez zeukan guztiarekin bota zen gola sartzeko. Poza geldiezina zen zelaian. Zaleen oihuak entzungor gertatzeko modukoak ziren, baina bertan agertu zen berriz Barça. Azken minutuan Pedrik gola sartzea lortu eta Athletic-i garaipena eskutik kendu zion. 

Hirugarrenean bai

Nahiz eta garaipena lortzeko gola ez izan, bazirudien zuri-gorriek partida irabazteko aukera galdu zutela. Azken minutuetako golak, min handia egiten dute gehienetan, baina taldeak ez zeukan partidan botatzeko gogorik. Azken 30 minutuak jolasteko indarrak zituzten oraindik.

Gola Barça baino gehiago bilatu zuten eta saria luzapeneko lehen zatiko amaieran heldu zen. Berriz ere Nico Williams eskuineko hegaletik, baloi bat erdiratu eta Jordi Albaren besoan jo eta gero, epaileak jokaldia VAR-ean begiratu eta penaltia seinalatu zuen. Aurreko igandean erratutako penaltia gogora etorri ahal zen eta urduritasuna nabaritzen zen. Baina Muniainek bere kapitain rola bete eta hirugarren gola lortu zuen, bigarrena berarentzat. Oraindik 15 minutu geratzen ziren, baina oraingoan Athletic-ek ez zuen galduko beste aukera bat. Bigarren zatian, zituzten indar guztiak zelaian utzi eta Barça areatik aldendu zuen. 

Real Madril final laurdenetan

Berriz ere, Athletic-ek lortu zuen. Barça aurten ere kanporatzea lortu du eta finaletik pausu bat hurbilago dago. San Mames ametsa bizitzen eta aurten behingoz txapelketa irabazteko esperantzarekin jarraituko du. Hala ere, beste erronka izugarri izango du datorren astean. Gaur bertan egindako zozketan Real Madril esleitu zaio final laurdenetako partidarako. San Mamesen berriz, Athletic-ek atzoko partidan bezala borrokatu beharko du.