Eskolarteko kirola asteburu honetan bueltatuko da

uriola.eus 2022ko urt. 26a, 10:51

Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiekin adostuta, Eskolarteko kiroleko txapelketak bertan behera utzi zituen urtarrilaren 5ean. Egoera sanitarioaren hobetzearen ondorioz, Labik atzo erabaki zuen lehiaketen etenaldiarekin amaitzea.

Umeak txapelketetara bueltatuko ahalko dira. Urte hasieran, Eusko Jaurlaritzako hezkuntzako sailak ikastetxeetako protokoloa moldatu eta lehiaketa gabe utzi zituen ikasleak. Aste hauetan zehar, autonomia erkidegoko kirol federazio ezberdinek hauen buelta eskatu zuten, geldialdiak "inolako oinarri zientifikorik" ez zuela azalduz, ikasturte hasieratik ez baita "ondorio ezkorrik" agertu. 

Astelehenean, Lorea Bilbao, Euskera, Kultura eta Kiroleko Foru Diputatuak, Hezkuntza eta Osasun sailei Eskolarteko Kirolari berriro ekiteko eskaera egin ziela azaldu zien Bizkaiko kirol federazioei. Atzo, eskaera hori mahai gainean zutela egin zuten bilera Osasun, Hezkuntza eta Kultura sailek. Honen amaieran, hiru aldundiei luzatu zieten betoa altxatzeko erabakia. Izan ere, aldundiek dute gai honen inguruan eskumena. 

Bizkaiko Foru Aldundia pozik agertu da erabaki honen aurrean. Lorea Bilbaok Bizkaiko kiroletik egiten ari den lan konprometitua, arduratsua eta salbuespenezkoa azpimarratu du: "Bai federazioak, bai klubak, bai inplikatutako beste eragile batzuk izugarrizko lana egiten ari dira COVID protokoloetan".

Egoera hobera gutxinaka

Eskolarteko Kirolaren etenaldiaren amaierarekin batera, beste neurri soziosanitarioen amaiera heldu daiteke. Atzo ere, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Labi aste honetan bilduko dela iragarri zuen. Izan ere, ostiralean amaituko dira indarrean dauden neurri murriztatzaileak.

Osasun sailburuaren esanetan, batzorde zientifiko teknikoak helarazitako datuak kontuan hartuko ditu lehendakariak neurriei buruzko erabakia hartzeko. Bilakaerari begiratuta, beheranzko joera erakusten dute datuek. 5.412 positibo antzeman ziren astelehenean EAE-en 13.867 probetatik. 494 Bilbon. Erietxeetako presioa ere apurka-apurka doa behera, baina oraindik altuak dira kopuruak. Sagarduik jakinarazi duenez, 790 pertsona daude erietxeratuta eta horietatik 106 ZIUetan.