Athletic-ek Racingen aurka egingo du Erreginaren Kopako debuta

Pablo Martínez Canibe 2022ko urt. 26a, 12:44
Athletic gol bat ospatzen (Irudia: Athletic Club)

Torrelavegako Santa Ana Zelaian egingo dute debuta Iraia Iturregiren neskek 19:30ean. Formatu berri honekin Primera Iberdrolako beste zazpi talderekin sartuko da txapelketan beheragoko mailetako taldeen aurka lehiatzera. Bigarren maila den Reto Iberdrolako aurkaria izango dute zurigorriek.

Erronka berria hasiko da gaur Torrelavegan Athletic-eko neskentzat. Egiten ari diren denboraldi txukun honetan, ilusioz egingo diote aurre Erreginaren Kopari. Aurreko urtean, bakarrik lehen zortzi taldeak jokatzen zutenez, zurigorriak lehiaketatik kanpo geratu ziren. Aurten berriz, formatua aldatu dute eta lehenengo mailako talde guztiek jokatuko dute. Hala ere, aurreko urteko azken sei sailkatuak eta igotako bi taldeek partida bat gehiago jokatu beharko dute. 

Lehenengo pausua Santa Ana zelaian emango dute. Final-zortzirenetan, aurreko urteko Primera Iberdrolako lehen zortzi sailkatuak sartuko dira jokoan. Txapelketako faboritoak. Aurretik, Reto Iberdrolako Santanderreko Racing gainditu beharko dute. Jose Aurelio Cresporen taldea denboraldi zaila izaten ari da. 12 punturekin, hirugarren mailarako jaitsiera postuetan dabil. 

Duela bi partida hain zuzen ere, Lezaman jokatu zuten Athletic-en bigarren taldearen aurka. Roberto Pampínen taldea 1-0 gailendu zen Landaluzeren golari esker. Atzelariak, Elexpuru, Sara Ortega eta Maite Zubietarekin batera, lehengo taldearekin jokatzeko deia jaso du. Bigarren taldetik ere, ohikoagoak diren Mariana Cerro eta Clara Pinedo joango dira.

Deialdian berrikuntzak sartu arren, ez du esan nahi partida erreza izan behar denik. Partida bakarreko kanporaketak batzuetan ezustekoak uzten dituzte eta horregatik Iraia Iturregik duten guztiarekin joango direla jakinarazi du: "Egin dezakegun onena partida prestatzea da, Lehen Mailako aurkari baten aurka egingo bagenu bezala. Bihar asko dago jokoan". Taldeak duen faborito rola eta nagusitasuna erakusteko beharra erakutsi du entrenatzaileak: "Jokoaren ekimena guk eraman behar dugu, eta hasieratik erritmo altua ezarri behar dugu, bi kategorien arteko aldea ikus dadin. Kanporaketa gainditzea lortzen ez badugu, erantzukizuna gurea izango da".

Koparen magia

Bilbon, kopak garrantzi berezia dauka. Bai mutilenak eta bai neskenak. Hala ere, Athletic-eko neskek bost liga izan arren oraindik ez dute lortu kopa irabaztea. Finalera bitan heldu dira, baina bietan galdu dute, azkena 2013-2014 denboraldian. Duela bi urte finaleko atarian geratu ziren, Logroñoren aurka penaltietan galdu ostean.

Horren ondorioz, txapelketan paper on bat egiteko gogoak daude. Batez ere aurreko kopan San Mamesen Taconen aurka bizitako gaua errepikatzeko grina. Barça izango da aurten berriz ere faborito nagusia. Talde katalanak bitan jarraian irabazi du txapelketa eta aurtengo denboraldian jokatutako partida guztiak irabazi ditu. Gainera, asteburu honetan 7-0 gainditu zuen Superkopako finalean Atlético Madril eta duten nagusitasuna oso argi utzi dute. 

Ligaz ahaztu ezinik

Aste honetan, kopakoa ez da izango partida bakarra. Igandean 12:00etan Rayo Vallecanoren aurka jokatuko dute Lezaman. Levanteren aurka garaipena lortu ostean, bolada txarrarekin amaitu eta berriz eskuratu zuten lehoiek bosgarren postua. Gainera, Athletic etxean gainditzeko talde zaila da eta madrildarrak oraindik ez dute garaipena lortu etxetik urrun. Txapeldunen Liga 7 puntura daukate eta zaila izan arren Atletico Madrilek eta Errealak erakusten ari diren mailagatik, goian mantentzeko borrokatzen jarraituko dute Iraiaren jokalariek.