Sindikatuek manifestazio bateratua egingo dute lan erreformaren kontra

uriola.eus 2022ko urt. 27a, 11:28
Urtarrilaren 30ean lan erreformaren kontra mobilizatzeko sindikatuen deialdia (Argazkia: ELA)

ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuak kalera aterako dira urtarrilaren 30ean Lan erreforma honi ez lelopean, eta bozketaren bezperan, lantokien aurrean elkarretaratzeak egingo dira. Lan harremanen euskal esparrua bermatzea eta kaleratze errazak ezabatzea aldarrikatuko dute.

Lan erreformaren inguruko eztabaidak agente politikoen agendak bete ditu azken hilabeteetan. Hura bozkatzeko aste bat falta delarik, sindikatuek presioa egiten jarraitzen dute. Erreformaren berri eman zenetik haren aurka agertu dira. 2012an Alderdi Popularrak "inposatutako" lan erreforma ez indargabetzea leporatu diote gobernuari. CCOO, UGT eta CEOErekin adostutako lan erreformak,"langile klasearen pobretzea bilatzen zuten tresna gehienak" mantenduko dituela adierazi dute. 

"Euskal langileak eta herritarrak ordezkatzen ez dituzten eragileek" gai horren inguruko erabakiak hartzea, arazo nagusietako bat da sindikatuentzat. EAEn eta Nafarroan negoziatzen diren hitzarmenei segurtasun juridikoa emango ez zaiela salatu dute: "Euskal Herrian gure negoziazioak egin nahi ditugu langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko, kanpo esku-sartzerik gabe". Horrekin lotuta, lan hitzarmen sektoriala enpresako lan-hitzarmenen gainetik egotea eskatu dute, ez bakarrik soldatetan. 

2012ko lan erreformarekin kaleratzeetan ezarri zen prozedura mantentzea ere salatu dute. Aldaketak, kaleratzeak merkatu, administrazioaren kontrola ezabatu eta tramitazio soldatak kendu zituen.

Eskubide berriak lortzeko aukera galduta 

Larritzat jo dute erreformak etxeko eta zaintzako langileak gainerako langileekin parekatzeko aukera ez jasotzea. Honek Gizarte Segurantzako erregimen orokorretik kanpo eta greba edo langabezia prestazioarako eskubiderik gabe uzten ditu. Bestalde, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legetik kanpo uzten ditu. Azpikontratetako langileen egoera ere salatu dute. Izan ere, erreformak ez du bermatzen lan beragatik enpresa nagusikoek dituzten eskubide berdinak izatea, sindikatuen esanetan.

Mobilizazioen beharra

Aipatutako arrazoiengatik, 2010 eta 2012ko lan erreformak erabat indargabetzea eskatu dute, bereziki lan hitzarmenen "estatalizazioa" eta kaleratze "erraz eta merkeak" ahalbidetzen dituzten puntuak. Hura lortzeko EAE eta Nafarroako instituzioei lan harremanetarako esparru propioaren aldeko pausoak ematea eskatu diete.

Mobilizazioa ikusi dute tresna nagusitzat, eta horretarako, urtarrilaren 30ean manifestatzeko deia egin dute. Bilbon, Moyua Plazatik egingo da 12:00etan. Donostia, Gasteiz eta Iruñean ere egingo dira mobilizazioak. Gainera, Lan Erreformaren dekretuaren bozketaren bezperan, lantokien aurrean elkarretaratzeak deitu dituzte.