Bilbon hasi eta amaituko da 2023ko Frantziako Tourreko lehen etapa

uriola.eus 2022ko urt. 27a, 15:52
Christian Prudhomme Tourreko zuzendaria, lehen etaparen aurkezpena egiten

2021eko martxoan, Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak, 2023an frantziar lasterketa Bilbon hasiko zela iragarri zuen. Atzo, Gasteizko Europa Jauregian, uztailaren 1ean Bizkaiko hiriburuan hasi eta amaituko den historiako lehen etapa gogorrenaren ibilbidea aurkeztu zuen.

21 urte geroago, Euskal Herrian hasiko da berriz Frantziako Tourra. 1992an Donostian egin zuen eta datorren urtean Bilbon egingo du. Euskal Herrian izango diren lehenengo hiru etapen aurkezpena egin du Tourreko zuzendariak Gasteizen.

Prudhommek Bilbon hasi eta amaituko dena nabarmendu du bereziki. 185km-ko etapa zirkularra izango da eta 3.200 metroko desnibela izango du. Tourreko lehen etapak inoiz izan duen handiena. Bilboko udaletxeak txirrindularitzako lasterketa garrantzitsuenari hasiera emateko plazeraz gozatuko du. Amaiera udaletxetik hurbil izango da eta hura zailagoa egingo duen %5 maldako kilometro bat igo beharko dute.

Zaleek, seguraski, amaiera ikusgarri bat ikusteko aukera izango dute. Izan ere, ibilbide osoan zehar tontor handiak izan ez arren, bost igoera puntuagarri izango dituzte: Laukiz, Gaztelugatxe, Morga, Vivero eta Pike. Azken honek bi kilometro ditu %9an eta 1.200 metro %11ra, mugatik hamaika kilometrotara igoko dutena. Bigarren etapak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu eta hirugarrena Amorebietan hasi eta Frantziara helduko da. 

Beste kirol ekitaldi handi bat Bilbon

Azken urteetan, Bilbo eskuratzen ari den kirol makroekitaldiengatik nabarmentzen ari da. 2018an, errugbiko txapeldunen ligarekin estreinatu egin zen. Aurreko urtean, kritika, manifestaldi eta protesta anitzak egon arren, Koronabirusaren egoerarengatik izango ez balitz, Eurokopa ospatuko litzateke. 

Orain, Tourrarekin, turismoa sustatzeko hirugarren ekitaldi bat gehituko du zerrendara Urkulluk. Izan ere, iturri ezberdinek aipatu dute lasterketa Euskal Autonomia Erkidegora ekartzeak 12 milioi euroko gastua izango duela. Horren aurrean, jaurlaritzak turismoa eta ekonomia sustatzeko balioko duela uste du. "Kultura eta hizkuntza propioa duen herrialdea. Herrialde erakargarria, erronka berriei aurre egiteko prestatua, berritzailea, ongizate-, prestakuntza-, kultura- eta kirol-indize handiekin", azaldu du Urkulluk.

Lehendakariaren hitzei jarraituz, lurraldea eta haren zaleak goraipatu ditu Tourreko zuzendariak: "Txundituta nauka Euskal Herriak, txundituta nago zuen euskal taldearekin eta atzoko eta gaurko txapeldunekin". Hala ere, Euskal Herriak txrrindularitzagatik duen zaletasuna Euskaltel-Euskadi taldearen eskutik dator neurri handi batean, baina haren parte hartzea ez dago konfirmatuta. Aurten, adibidez, ez dira presente egongo. 

Eusko Jaurlaritzak, 2013an talde laranjari dirulaguntzak emateari utzi zion eta urte amaieran desagertu zen. Zortzi urte geroago, 2021ean, La Vuelta espainiar txapelketan parte hartzea lortu zuten, baina oraindik UCI WorldTeam lizentzia ez dutenez, haien presentzia Tourrean ez dago bermatua.

Bilbon bizikletaren erabilera sustatzeko aukera

Horrelako ekitaldi batek, jendea erakartzeaz gain, kirolarekiko pasioa eta kontzientziazioa nabarmen igo dezake. Txirrindularitzak fama handia dauka Euskal Herrian, baina segurtasun eza oso handia da. Duela gutxi udaletxe aurrean jarritako bidegorriaren eta Jesusen Bihotza plazako biribilgunearen beldur dira txirrindulariak. "Lehenengo eremuan, errepidea bera baino dezente arriskutsuagoa den bidegorria eraiki digu udalak; bigarrenean, ostera, auto gidariak zoroen pare sartzen dira biribilgunera", azaldu du Bilboko Txirrindulari Batzordeko lehendakari Javier Sanchez-Beaskoetxeak.