Aste bikaina itxi du Athletic-ek Rayo Vallecanoren aurkako garaipenarekin

Pablo Martínez Canibe 2022ko urt. 31a, 13:58
Nekane bigarren gola ospatzen (Irudia: Athletic Club)

Asteazkenean, garaipen erosoa lortu zuten Racingen aurka 5-0 emaitzarekin final zortzirenetara sailkatzeko. Atzo ligan, estu estu ibili ziren baina Erika Vazquez eta Nekaneren golekin 2-1 gailendu ziren, Txapeldunen ligara gehiago hurbiltzeko.  

Ondo amaitu du hilabetea Iraia Iturregiren taldeak. Asteazkenean izan zuen lehen erronka eta faborito gisa eroso jokatu zuen taldeak, partida osoa. Titular gehienak atera zituen berdegunera entrenatzaile bilbotarrak eta lehen zatian jada bideratua utzi zuten partida zurigorriek Nekane eta Irene Oguizaren golekin.

Bigarren zatia gazteentzako aukera izan zen eta hauek ez zuten huts egin. Clara Pinedok hirugarrena sartu zuen. Sara Ortegak 16 urterekin debuta egin eta bederatzi minutura gola sartu zuen. Azkenik, Paula Aranak, aurreko biei gol pasea eman eta gol bikain batekin bosgarrena jarri zuen markagailuan. Hiru gazteek, Athletic-entzako haien lehen gol ofiziala lortu zuten. Emaitza horrekin, final zortzirenetarako txartela lortu zuten. Partida bakarreko kanporaketa berri honetan, Reto Iberdrolatik sailkatutako bi talde izan ezik guztiak izango dira lehen mailakoak.

Kopako lana bete ostean, ligan kontzentratu beharra zegoen. Aurreko jardunaldian Levanteren aurka egindako lan onari jarraipena eman nahi zion taldeak Rayo Vallecanoren aurka. Lezaman Betisen aurka berdindu ostean ezin zuten onartu beste bi puntu galtzea. Gogotsu atera ziren lehen zatian, eta 16. minutuan Erika Vazquezek lehen sartu zuen berak sortutako penalti bati esker. 

Aukera garbiak izan zituzten horren ostean baina azken metroetan egindako akatsek bigarren gola lortzea eragotzi zien lehoiei. Antzekoa izan zen bigarren zatia eta azkenean Rayok Athletic-en eraginkortasun falta baliatu zuen partidan bizirik mantentzeko eta berdinketa jartzeko. Horrek ez zuen taldea izutu eta zaleen indarrarekin batera, Nekanek bigarrena jarri zuen azken minutuetan. Gazteez beteriko taldean, beteranoenak izan ziren golak sartu zituztenak. Nekane eta Erikaren artean 423 gol sartu dituzte eta honekin 34 partidetan sartu dute biek, 33 garaipen eta berdinketa bateko balantzearekin.

Txapeldunen ligara hurbiltzeko garaipena

Partida zaila izan zen, baina beste behin ere aurrera ateratzea lortu zuten zurigorriek. Hiru puntu garrantzitsu lortu zituzten, izan ere, Atletico Madrilen berdinketarekin, bost puntura dute Txapeldunen liga. Ibilbidea luzea da eta oraindik partida asko geratzen dira amesten jarraitzeko. Hurrengo astean Lezaman Barçaren kontra jokatu baino lehen, bi partida izango ditu Eibar eta Sporting de Huelvaren kontra. Kontuan izanda oso zaila izango dela Barçaren kontra punturik lortzea, garrantzitsua izango da aurreko biak irabaztea.