Euskal gehiengo sindikala bihar bozkatuko den lan-erreformaren aurka mobilizatu da

uriola.eus 2022ko ots. 2a, 13:38

Espainiako parlamentuan egingo den bozketaren bezperan, sindikatuek erreformaren kontra presioa egiten jarraitu dute. Moyua plazara ez ezik, lantegietara ere eraman dituzte mobilizazioak lan harreman esparru propioa eskatzeko eta kaleratze merke eta errazak salatzeko.

Lan-erreforma aurrera ateratzeko aukeraren aurrean, euskal gehiengo sindikalak, asteburuan egin zuen bezala, bere ezezko jarrera gogortu du hamaika mobilizazioren bitartez. Azken asteetan egin duten moduan langileen prekarizazioarekin amaitzeko 2010 eta 2012ko lan erreformen erabateko indargabetzea eskatu dute sindikatuek: "Euskal lan harremanen esparru erasotzen duen estatalizazioa moldatu behar da alde batetik, eta, bestetik, kaleratze merke eta errazak ahalbidetzen jarraitzeko aukera".

Medioen aurrean egindako adierazpenetan Garbiñe Aranburu, LAB-eko idazkari nagusiak, argi utzi du zein den aldaketa hauek lortzeko bidea. Aranbururen ustez, Euskal Herrian egin behar da posible Madrilen posible ez den hori: "EAEn bide propio bat behar dugu lan harremanetarako eta babes sozialerako, autogobernuaren mugak agerian geratu direlako berriz ere".

Horren harira, Pello Eregi ELA-ko negoziazio kolektiboko arduradunak EAJ eta EH Bilduri ezezkoa emateko eskatu die, kaleratzeetan eta lan harremanen esparruaren estatalizazioan aldaketarik egongo ez badira. Eregik azaldu duen moduan, ezezko horrek, Espainiako Gobernuarekin izan ahal dituzten bestelako negoziazioetan Lan Erreforma mahai gainean jartzeko aukera emango lieke euskal alderdiei.

"Langileok izango gara galtzaileak"

Ciudadanosen baiezko botoaren aukeraren inguruan, argi utzi dute honek lan-erreformari emango liokeen balioa: "Lan-baldintzen kontra proposamen basatiak dauzkan alderdi batek baiezkoa ematen badio erreforma honi, argi geratuko da erreforma hau ez dela izango euskal langileek behar duten erreforma", aipatu du Eregik.

Bide berean, LAB-eko idazkari nagusiak, PSOE eta Podemosi leporatu die langileentzako onuragarria ez den akordio bat aurrera ateratzea: "Patronalaren garaipena izango da eta langileok izango gara galtzaileak". Bestalde, CCOO eta UGT-k kritikak jaso dituzte, babesa emateagatik erreformari. 

Emaitzari itxaron gabe

Bihar parlamentuan gertatzen dena, gertatzen delarik, egunerokoan jarraituko dute lantokietan lan erreforma indargabetzen hitzarmen kolektiboen bidez Pello Eregik azaldu duen moduan. Sindikatuek ozen eskatu diete euskal alderdiei euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzeko: "Gaurk lantokietan mobilizatuz, bide horretan beste urrats bat egin da".