Lehenengo Barça eta gero Real Madril. Talde txuriak, nahiko erraz garaitu zen Superkopako finalean duela aste batzuk. Abenduan zurigorrien aurka jokatutako bi partidak ere, irabazi zituen. Baina atzoko egoera ezberdina zen, eta badirudi azken urteetan Athletic-en ametsa amaiezina dela Errege Kopan, gutxienez finalera arte. Finalak kontuan hartu gabe, Marcelinoren taldeak 13 kanporaketa gainditu ditu segidan.
Atzoko erronka, Barçarena baino zailagoa zirudien, Ligako liderra baita Real Madril. Hala ere, aurreko kanporaketan zailtasunak izan zituen Elcheren aurka eta berdin gertatu zitzaion Ligako azken partidan, talde berdinaren kontra. Gainera, bost jokalari haien selekzioekin egon ziren egun batzuk aurrerago Hego Amerikan. Faktore horiek guztiak, eta partida San Mamesen jokatzeak aukerak erabat handitzen zituen.
Partidaren aurreko orduetatik nabaritu zen zer nolako garrantzia zeukan norgehiagokak. Jendez beteriko kalejirak, atarikoa berotu zuen eta zaleak erabat piztuta sartu ziren zelaira. Covid neurriek ahalbidetzen duten edukiera guztia beteta, 2012an Europa Ligako final erdietan bizitakoa gogoratu zuen irudiak. Poztasun eta emozio aurpegia ikusi zitzaion Iker Muniaini talde argazkian eta lehen minututik erantzun zuten kapitaina eta haren taldekideek.
Ez zen partida erreza izango; oso fisikoa, gogorra eta eduki zezaketen aukera gutxiak baliatzeko lehia. Presio handia egin zuten Marcelinoren mutilek eta Real Madrilek zailtasun handiak izan zituen momentu oro baloia bere areatik ateratzeko. Nahiko baloi lapurtzea lortu zuten lehoiek eta lehen 45 minutuetan jokoaren kontrola eraman zuten, baina Courtoisek ez zuen lan handirik izan. Agirrezabalak ere lan gutxi izan zuen lehen zatian.
Azken minutuetan berriz ere
Bigarren zatian, jokoaren kontrola pixka bat suspertu egin zen, batez ere azken minutuetan. Nekea eta galtzeko beldurra nagusitu ziren partidan eta Ancelottiren taldeak aurrera pausua eman zuen. Hala ere, etxeko taldeak gogor borrokatzen jarraitu zuen eta harmailak are gogorrago. Real Madrilek ez zuen lortu arrisku gehiegirik eramatea Athletic-en atera baina Casemirok 80. minutuan izandako aukerak mutu hutsi zuen zelaia. Brasildarrak izugarrizko aukera izan zuen baina baloiari txarto jo eta Agirrezabalak arazorik gabe gelditzea lortu zuen.
Partida galtzea izatetik, hura irabaztera igaro zen 10 minututan Athletic-ek. Presioa egiten jarraitu zuten zurigorriek eta azkenean 90 minuturen ostean saria lortu zuten. Vesga izugarri egon zen eta 89. minutuan baloi bat moztu zuen Berenguerri gol pasea emateko. Nafarrak, errekorte batekin Nacho atzean utzi eta ezkerkada bikain batekin Courtois gainditu zuen. Duela bi urte egin zuen bezala Barçaren kontra, Athletic-ek azken minutuetan lortu zuen garaipena. Partida bukatu zen eta hirugarren urtez jarraian Athletic final erdietan dago. San Mameseko giroa geldiezina zen eta Barçaren aurka egin zuten moduan, taldearekin ospatu zuten garaipena.
Beste gau berezi bat
Horrela deskribatu zuen Marcelinok atzoko partida. Eskerrak eman zizkion partidaren amaieran jokalari bakoitzari egindako lanagatik: "Oso pozik eta harro gaude futbolari eta talde honek egindako lanagatik". Hala ere animoak pixka bat baretu nahi izan zituen. Entrenatzaile asturiarraren ustez lan handia dago oraindik egiteko: "Txapelketako bi talde handiak kanporatzea ez du esan nahi finalean egon behar garenik".
Nico Williamsen lesioa albiste txar bakarra
Aurreko kanporaketan Sancetekin gertatu zen bezala, lesio batek pixka bat belztu zuen partida. Nico Williams lehen zatian lurrera bota zen pase bat eman ostean eta aulkira joan behar izan zen. Lehenengo frogek, gutxienez 4-6 aste kanpo egongo dela argitaratu dute. Horren ondorioz, ezin izango ditu finalerdietako bi partidak jokatu. Sorte handiagoa izango du Sancetek. Final laurdenetan izandako lesioa atzean utzi du eta ostegunean jokatzeko prest egongo da. Vencedorrek ostegunekora ez da helduko baina martxoan jokatuko den bigarren partidarako prest egongo da.