Basketball Champions Leagueko Final Four jokatuko da Bilbao Arenan

uriola.eus 2022ko ots. 7a, 12:11

Maiatzaren 6tik 8ra, FIBA-k antolatzen duen txapelketaren finalerdiak eta finala jokatuko dira Bilbao Basketen zelaian. Ordezkaririk ez duen hiri bat anfitrioi aukeratzen duten lehen aldia da eta lau talde partaideak apirilean jokatuko diren final laurdenetan erabakiko dira.

Goi mailako saskibaloi txapelketa helduko da maiatzean Bilbora. FIBA-k  antolatzen duen Basketball Champions Leaguek Bilbao Arena zelaia aukeratu du bere historiako lehen Final Four-a egiteko maiatzaren lehen asteburuan. Aurten arte, Final Eight deiturikoa egiten zen zortzi talderekin, baina formatua aldatu eta Euroligak egiten duen moduan, azken fasea lau taldetara murriztu dute.

Kirolaren munduan gero eta gehiago zabaltzen ari da Bilbo. Duela egun batzuk 2023ko Frantziako Tourreko lehen etapa Bilbon hasi eta amaituko zela iragarri ostean, gaur ekitaldi honen aurkezpena egin dute. Juan Mari Aburto, pozik agertu du final honekin: "Beste behin ere, agerian geratu da Bilbo hiri erakargarria dela kirol arloko nazioarteko ekitaldi handietarako". Horrekin batera, zaleek eta bisitan etorriko diren bisitari guztiek ikuskizun on batez gozatu dezatela nahi du alkateak.

"Agerian geratu da Bilbo hiri erakargarria dela kirol arloko nazioarteko ekitaldi handietarako"

Patrick Comninos BCL lehiaketaren CEO arduradunak Bilbok finala barne hartzeko egin duen ahalegin azpimarratu du: "Jakin dugu zer gogo bizia erakutsi duen hiriak ekitaldi historiko hau antolatzeko". Saskibaloi aste "paregabea" eskaini nahi die Europako saskibaloi-zaletu guztiei txapelketak. Urtez urte, txapelketa honek maila handiagoa erakusten ari da.

Antonio Martín, ACB elkartearen presidente eta BCLren Batzordeko kideak ere, Bilbo goraipatu du: "Bilbo anfitrioi ezin hobea izango da, jokaleku eder-eder bat dauka eta hiria ezin hobeto prestatuta dago urtetik urtera hazten ari den ekitaldi baterako". Aurreko urteetako maila berdintzea jarri du helburutzat Jorge Garbajosak, Saskibaloiko Espainiako Federazioko presidente eta FIBAren Central Board-eko kideak.

Bilbao Basket-ek jokatuko ez duen finala

Duela sei denboraldi sortu zen BCL. Urtez urte, Euroleague Basketball konpainiak antolatzen dituen Euroliga eta Eurocup txapelketen mailara heltzen saiatzen ari da. Bilbao Basketek aurreko urtean jokatu zuen lehen aldiz, baina aurten ez du parte hartu eta ondorioz ez da finalean egongo.

Gaur egun, final zortzirenetako ligaxka jokatzen ari dira, lau taldetako lau multzotan. Sailkapen bakoitzeko bi onenak final laurdenak jokatuko dituzte eta horietatik, Bilbao Arenan topatuko diren lau partaideak aterako dira. Finalerdiak maiatzaren 6an jokatuko dira, eta hirugarrena nor izango den eta irabazlea erabakitzeko partidak, 8an.