Erika Vazquez Athletic-ekin partida gehien jokatu dituen emakumea bilakatu da

uriola.eus 2022ko ots. 10a, 10:24

Erika Vazquez gola ospatzen Villarrealen aurka (Irudiak: Athletic Club)

Atzoko partidarekin, jokalari nafarra 414 partidara heldu eta Eli Ibarra gainditu du historia egiteko. Talde zurigorriarekin jokatzen duen 17. denboraldia da aurtengoa eta bere ibilbidean zehar hiru liga irabazi eta 263 gol sartu ditu.

Ospakizun eguna izan zen atzo Lezaman. Partida garrantzitsua zen Atletico Madrilen aurka, goiko taldeekin borrokan jarraitu ahal izateko. Hala ere, partidaren emaitza ez zen izango medioetako azalak beteko zituen kontua. Erika Vazquezek historia egin ahal zuen eta horrela nahi izan zuen Iraia Iturregi entrenatzaileak.

Aurreko bi denboraldietan izandako arazoen ostean Erika sekulako denboraldia bizitzen ari da 38 urterekin. Igandean Eli Ibarraren 413 partidak berdindu zituen eta atzo Atletico Madrilen aurka, berriz titular moduan, partida gehien jokatu dituzten sailkapenean lehena jarri zen. Duela urte batzuetako golegilea ez den arren, 13 partida jokatu ditu jada eta garrantzi handia izaten ari da Athletic-ek egiten ari den denboraldian. 

Lagunak izan zen bere lehen futbol taldea eta 2004an Athletic-ek fitxatu zuen. Debut Txapeldunen ligan egin zuen Newtownabbey Strikersen aurka eta bere lehen denboraldian jada 26 gol sartu zituen ligan eta beste 6 Txapeldunen ligan. Bigarren denboraldia ez zen hain ona izan, baina erregulartasuna mantendu du denboraldi oro azken urteetara arte. Gola egiteko erreztasun hori, golegileen taulan lehena izateko balio izan dio. Erikaren 263 golei, Nekanek jarraitzen dio 160 golekin. 

Palmares bikaina

Golak ez dira aurrelari zurigorriak lortu duen bakarra. Athletic-ek irabazi zituen lehenengo bi ligetan egon ez zen arren, hura lortu zuen heldu zen lehengo urtean eta beste bat 2006-2007 denboraldian. 2010-2011 Bilbotik Bartzelonara joan zen Espanyolen jokatzeko. 25 gol sartu zituen liga eta kopa artean eta txapeldunorde geratu zen bi txapelketetan baina hurrengo urtean berriz bueltatu egin zen. Lau denboraldi geroago, Athletic-ek bere maila jaitsi zuela zirudienean, Erikak Vazquezek hirugarren liga bat irabaztea lortu zuen.

Urte zailak

Denboraldi horretan jada, ez zituen hainbeste gol sartu. Hala ere, nahiko partida jokatzen jarraitu zuen eta garrantzitsua izaten jarraitu zuen taldea goiko postuetan mantentzeko; baina urreko urtea ezberdina izan zen Erika Vazquezentzat. Ziur aski bere ibilbideko gogorrena. Lesioek ez zioten utzi jokatzen eta 10 partidak besterik ez zituen jokatu eta gol bakarra sartu zuen. Taldeak ere, denboraldi nahiko txarra izan zuen.

Aurten lesioek atseden eman diote eta berriz lortzen ari da taldean jokalari gakoa izatea. Bi gol bakarrik sartu ditu baina haren beteranotasuna asko laguntzen ari da talde hain gaztean. Sasoi onean jarraitzen du aurrelariak eta inork ez daki noiz arte jarraituko duen jokatzen. Asteburuan azaldu zuen moduan "pribilegioa" da astero Athletic-en kamiseta eraman ahal izatea.