Bordalasen jokoan erabat galduta (1-1)

Pablo Martínez Canibe 2022ko ots. 11a, 12:58
Partida amaieran jokalariak epaileekin hitz egiten (Irudia: Athletic Club)

Polemika eta joko eskasa nagusitu zen partidan, Athletic-ek aurrea hartzea lortu zuen Raul Garciaren gol batekin. Bigarren zatian berriz, Bordalasen taldea nagusitu eta Hugo Duroren golak kanporaketa guztiz berdindua utzi zuen Mestallarako.

Lan gogorra izango du Athletic-ek Valentzian. Atzoko berdinketaren ostean, Mestallan garaile ateratzen den taldea lortuko du Sevillako finalerako postua. San Mamesen batu ziren 45.000 pertsonen bultzada gorabehera, Bordalasek oso ondo jakin zuen hura nola gelditu. Hasieratik talde "Che"-ak presio handia egin zuen eta faltaz betetako joko geldoa planteatu zuen. Bere entrenatzailearen ohiko jokoa hain zuzen ere.

Esparru horretan ondo moldatu zen Valentzia eta lehenengo aukerak izan zituen Hugo Duroren eskutik. Aurrelari madrildarraren eta Bryan Gil-en artean arazo andana sortu zituzten, batez ere Lekueren hegalean. Ez zuten zurigorriek haien lekua aurkitzen, Real Madril edo Barçaren aurka egin zuten moduan, baina estrategiazko jokaldiak baliatu zituzten arriskua eramateko. Horietako batean, Diakhabyk ukondokada bat eman zion Dani Garciari, baina epaileak ez zuen ezer ez seinalatu. 

Jokaldi horietan tematu egin zen Marcelinoren taldea Valentziak egiten zituen falta anitzei esker. Ordura arte ez zen fin ibili Muniain, baina 37. minutuan baloi paregabea jaurti zuen, Raul Garciak buruz lehena jartzeko. Lehenengo 40 minutuetan gainetik kentzea lortzen ez zuten presioa desagertu egin zuten lehoiek golarekin. Hala ere, partida berotzen jarraitu zen eta apurka-apurka Munuera Montero epaileak norgehiagokaren kontrola galdu zuen.

Bigarren zatian Valentzia nagusi

Atsedenaldiarekin batera, Athletic-en euforia osoa desagertu zen. Kanporaketa ixteko aukera paregabea zeukaten Marcelinoren mutilek baina ez zuten lortu kontrola eramatea. Aurrera pausu bat eman zuen talde valentziarrak eta hegaletatik min handia egiten jarraitu zuten. 65. minutuan, Bryan Gilek Guedesen erdiraketa bat aprobetxatu zuen eta Agirrezabalak baloia gelditu zuen arren, ez zuen lortu hura aldentzea eta Hugo Durok aldaratzean berdinketa jarri zuen markagailuan.

Horren ostean bazirudien Valentzia konformatu zela emaitzarekin; kanporaketa berdinduta egon arren, bueltako partida bere zelaian jokatzea abantaila ematen zion. Izan ere, azken 20 minutuak, falta eta protesten artean igaro zituen. Athletic-ek besoak pixka bat jaitsi zituen eta ez zuen aldaketetan ezer berririk aurkitu. Valentzia izan zen bigarren goletik hurbilen egon zena eta Hugo Durok pila bat protestatu zuen penaltia lortzeko zorian egon zen.

Bueltako partida berotzen

Azkenean, partida berdinduta amaitu zuen, eta esan bezala Valentzian irabazten duena finalera helduko da. Polemika izan zen nagusi partidan, joko gehiegirik ez baitzen egon. Berotasun hori, prentsaurrekoetan nabaritu zen bi entrenatzaileen hitzetan. Hiru aste falta diren arren, bueltako partidara begira egindako adierazpenak izan zirela nabaritu zen.