Lurralde planean jasotakoa “porrot egindako eredua” dela uste du EH Bilduk

uriola.eus 2022ko ots. 11a, 15:08

Bilboko metropoli eremurako jarduketa ildoak maila sozioekonomiko altuko jendearen mesedetan prestatu direla uste du koalizioak, eta bazter uzten dutela jende gehien bizi den eremuetako bizi kalitatearen hobekuntza. Hirugarren sektorean baino, industrian zentratutako eredu ekonomikoa berreskuratzeko apustua da proposatzen dutena.

80 alegazio egin dizkio EH Bilduk Bilbo eta inguruko udalerrietarako Lurralde Plan Partzialari. Izan ere, aldundiak aurkeztutako dokumentuak jasotzen dituen neurriak ez dituzte begi onez ikusten, uste baitute iraganari so egiten diotela, “porrot egindako eredu zaharkituari”, hain zuzen, koalizioaren Bilboko zinegotzi den Alba Fatuarteren hitzetan. Honela esan du gaurko aurkezpenean: “Bilbo ereduari buruz asko hitz egin da arrakastaren adibide gisa, baina gure ustez marketinak errealitatea irentsi du […] EAJk Bilbo metropolitarraren tertziarizazioaren, turismoaren eta marketinaren alde egindako apustua ez da arrakastatsua izan, hemengo pertsona guztiak ez direlako Abandoibarran bizi”.

Zerbitzuetatik industriara salto

Fatuartek azpimarratu du Bilbon eta Ezkerraldean metatzen direla Euskal Autonomia Erkidegoko pobrezia kasu gehienak eta, hain zuzen, Bizkaiko hiriburua da pobrezia errealaren %10eko langa gainditzen duen udalerri bakarra. Ildo horretatik, EAJk zuzentzen duen Bizkaiko Foru Aldundiak hirugarren sektorea indartzen jarraitzeko egindako apustua irauli eta “ia desagertuta dagoen” industria sustatzeko garaia dela uste du.

Norabide horretan doan proposamen baten adibidea jarri du EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak:  “Ibaizabal parke teknologikoa deitu diogu, eta itsasadarraren ezkerraldean kokatuko litzateke […] Hiru gune mugakide batuko lituzke: Zorrotzaurre, Punta Zorrotza deritzon eremua eta Barakaldoko Burtzeña auzoan dagoen parke industriala, gaur-gaurkoz hutsik dagoena. […] Eta nolabaiteko erremate moduan, Punta Zorrotzan dagoen Molinos Vascos eraikina birgaitzea eta hor kokatzea Zientzia eta Industriaren Museoa”.

Eredu sozioekonomikoarena izan da, hain zuzen ere, EH Bilduk aurkeztutako alegazioen hiru ardatz nagusietako bat, beste biak garraioa eta etxebizitza izan direlarik.

Auzoen birgaitzea lehentasun gisa

Azken horri dagokionez, ez dute bideragarri ikusten “etxe gehiago eraikitzea biztanleria galtzen ari den lurraldean”. Honela azaldu du Casanovak: “Planean proposatzen da 51.000 etxebizitza berri egitea, onartzen denean populazioaren eboluzioaren aurreikuspenen arabera 67.000 pertsona gutxiago biziko dela esparru honetan hemendik hamarkada batera”. Koaliziokideen susmoa da etxebizitzok nagusiki eros ahalmen handia dutenei bideratuta daudela. Bada, horren aurrean “lehentasunak irauli” nahi omen dituzte, auzoak birgaitu eta jende gehien bizi den eremuetan bizi kalitatea bermatzetik hasita. Ian ere, gogorarazi dute EAE dela estatuan etxebizitza parkerik zaharkituena duen komunitatea.

Mugikortasun jasangarria helburu

“Garraioaren esparruan ere badago filosofien arteko talka”, esan du Iker Casanovak: “EAJrentzat eta aldundiarentzat, helburua da errepideak egitea jendea lanpostuak dauden tokietara eramateko. Guk proposatzen duguna da lanpostuak jendea dagoen tokira ekartzea”. Hala, tokian bertan lanpostuak sortuta mugikortasunaren beharra gutxitzea da EH Bilduk defendatzen duen ildoetako bat.

Dirua mugikortasunari lotutako makroazpiegituretara bideratzea ere deitoratu dute gaurko prentsaurrekoan, esanez 2.500.000.000 euro “xahutuko” direla SuperSur bezalako proiektu “antzuetan”. Mugikortasun eredu berria proposatu nahi izan dute horren aurrean, “deskarbonizazioarekin bat egingo duena eta garraio publikoa eta garraio arina ardatz izango dituena”. Esaterako, bidegorri sarea indartzearen aldeko alegazio bat aurkeztuko dute, itsasadarraren ezkerraldea Ibaizabalen aldamenetik luzatzeko eta Galdames aldetik datorren txirrindularientzako bide berriarekin lotzeko aukera ere ahalbidetzeko.

Artxandan ez dute zabortegi berririk nahi

Lurralde Plan Partzial honen baitan Artxanda ingururako jasotako asmoek ere zeresan handia eman dute. Atzo bertan, ekologistek eta auzo elkarteetako ordezkariek agerraldi publikoa egin zuten horren harira.

Besteak beste, zabortegi berri bat eraikitzeko eskaera ukatzeko eskatu zuten Ekologistak Martxanekoek eta Bilboko Auzo Elkarteen Federaziokoek. Gai hori ere landu du EH Bilduk bere alegazioetan. Zabortegi zaharra birgaitu behar dela uste dute, baina berria eraikitzearen aurka azaldu da koalizioa.