2019ko martxoan, Bilboko Euskalduna Jauregian urtero egiten den BBVAren Akziodunen Batzarra zela eta, Koldobike Velasco antimilitaristak BBVAren aurkako plataforma eta EH Kapitalari Planto! plataformetako beste aktibista batzuekin batera protesta ekintza batean parte hartu zuen. Poliziak identifikazioak egin zituen, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak sei pertsona proposatu zituen zigortzeko, Mozal Legea deritzonaz baliatuz.
Ekintzaileek eta ekintza antolatu zuten taldeek errekurritu egin zituzten zigorrak, protesta eta gizarte mobilizazioa herritarren oinarrizko eskubideak direla argudiatuta. Salatu zuten, halaber, biltzeko eta adierazteko askatasunaren aurkako erasoa izan zela, eta isunen bidez protesta desmobilizatzeko ahalegina. Rosa Esperanza Sánchez Ruíz-Tello epaileak bere epaian adierazi duenez, “protesta zilegia, legitimoa eta eraginkorra izan zen adierazpen askatasunerako eskubidea gauzatzeko”, eta ondorioz, aktibistaren aldeko ebazpena eman zuen.
MOC Alternatiba Antimilitaristak, 2019ko ekintza hartan parte hartu zuenak, epaiaren inguruko balorazio positiboa egin du, “desobedientzia zibilaren legitimitatea aitortzea dakarrelako, parte-hartze politikorako tresna gisa, eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko, oraindik indarrean dagoen Mozal Legeak dakartzan eskubide murrizketen aurrean”.
Bestalde, taldeak gogorarazi nahi izan du duela hiru urteko protestaren helburua zela salatzea "BBVAren irabaziak odolez zikinduta daudela". Izan ere, armagintzan gehien inbertitzen duen Espainiako bankua da.