Athletic derbian nagusi aspaldiko partez

Pablo Martínez Canibe 2022ko ots. 21a, 10:52
Sancet bigarren gola ospatzen (Irudia: Athletic)

Lehen zati berdindu batean, Muniainek huts egindako penaltia izan zen gol aukera nagusia. Hala ere, azken 20 minutuetan Athletic-ek Errealaren nekeaz aprobetxatu eta garaipen zabala lortu zuen Vivian, Sancet, Williams eta Muniainen golekin.

Itxaron behar izan dute Athleticzaleek baina azkenik heldu da garaipena. Bi urte eta erdi zeramaten zurigorriek Errealari irabazi gabe eta atzo bolada txar hori apurtzea lortu zuten azken 20 minutu izugarrirekin. Mosaiko zurigorri erraldoi batek berotu zuen atarikoa eta azken hilabeteetan ohikoa izan den bezala, zelaia jendez gainezka zegoen.

Marcelinoren taldeak, Mallorcan egindako partida txarra ahaztu eta intentsitate handiz atera zen zelaira. Hala ere, lehen zatia nahiko berdindua izan zen. Athletic-ek kontrola eraman zuen baina gol aukerak ez ziren heldu, ez etxekoentzat ez kanpokoentzat.

Remiroren atetik gero eta gertuago, 29. minutuan partidako gol aukerarik argiena aurkitu zuten. Williamsen jaurtiketa bat kornerrera joan zen eta hasiera batean inork ikusi ez zuen arren, jaurtiketa hori Silvaren eskuak desbideratu zuen. Epaileak VAR-ean begiratu eta penaltia adierazi zuen. Sari handia izan liteke ordura arte gertatukoarentzat, baina lehoiek 11 metroetatik izaten ari diren arazoekin jarraitu zuten. Muniainek erdiratuegi egin zuen tiro eta Remirok geldiketa on batekin kornerrera aldendu zuen baloia.

Atsedenaldira markagailuan aurretik joateko aukera zoragarria galdu zuen Athletic-ek, baina taldeak ez zituen besoak jaitsi. Lehenengo zatia amaitu eta indartsu atera ziren aldageletatik etxekoak. Errealak ostegunean Leipzigen aurka jokatutako partidaren ondorioak jasaten hasi zen eta zurigorriek, lehen zatian izandako kontrola areagotu zuten.

Aukera argia izan zuen hiru minutuetara Berenguerrek baina baloia gora joan zitzaion. Taldearen bolada ona, Sancet eta Vencedor zelaira sartu zirenean areagotu zen. Bilbotarrak Athletic-ek bere lesioaren ostean zelai erdian galdutako kontrola berreskuratu eta min handia egin zuen. 

Azken 20 minutu izugarriak

Lehen gola, 68. minutuan heldu zen. Penaltiekin arazo handiak izaten ari ditu Athletic-ek, baina kornerretan berriz, bikain dabil. Berenguerrek baloi paregabea jarri eta Vivianek kamiseta zurigorriarekin bere lehen gola egin zuen. Hiru minutu geroago, Muniain izan zen baloia jaurti zuena eta oraingo honetan Sancetek sartu zuen bigarrena. 

Imanol Alguacilen taldea indar gabe zebilen zelaitik, guztiz hondoratuta. Bigarren gola erreakziorik gabe utzi zuen talde txuri urdina eta Athletic-ek horretaz baliatu zen golak sartzen jarraitzeko. Sancet izan zen azken metroetako jaun eta jabe eta 79an jokaldi on baten ostean, Berenguerri ireki eta honek gola eskura jarri zion Williamsi. Ez zen gustura geratu taldea azken horrekin eta gehiago bilatu zuen. Berriz ere Sancet baloia areara eraman eta bakarrik utzi zuen Muniain, nafarrak penaltian erratu zuen gola sar zedin. 

Europatik hurbil

Festa izugarria izan zen San Mames. Poztasuna handia zen eta taldeak azken hilabeteetan daraman bolada onari jarraitutasuna ematea lortu zuen. Derbia zurigorria zen bi urte eta erdiren ostean eta gainera Europako postuak hurbil egoten jarraitzen dute. Partida bat gehiagorekin baina Errealarekin puntu bakarreko ezberdintasuna dauka Athletic-ek, eta Conference League-ko postuetatik bi puntura mantentzen da.