Otsailaren 28a eta martxoaren 7a bitartean egingo den jaialdiak “erdigunean jarriko ditu gure identitateak eraiki, pentsatu eta birsortzeko ditugun milaka aukera”, Alaitz Arenzana zuzendari artistiko berriaren esanetan. Bilboko hainbat aretotan egingo dituzte emanaldiak, beti bezala, eta tartean hainbat herrialdetako zortzi estreinaldi egongo dira. Hiru ataletan banatuko da film luzeen sail ofiziala, guztira 16 lanek osatuko dutena: DOK (dokumentalak), FIK (fikzioak) eta KRAK (narratiba berriak). Azken hori, komunikazio arduradun Julen Nafarratek azpimarratu duen bezala, atal “ausarta eta apurtzailea” izan ohi da, hau da, berritzaileena. Horiek guztiak Golem Alhondiga zinema aretoan proiektatuko dira.
Iazko edizioa gonbidaturik gabe egin behar izan ostean, aurten berriz ere Bilbon izango dira nazioarteko hainbat zinegile eta epaimahaikide. Tartean, nola ez, aurten Ohorezko Saria jasoko duen Albertina Carri argentinarra.
Sexualitatearen eta identitateen arloko hainbat adar jorratuko ditu jaialdiak, baina bi gai zentral izango dira hemeretzigarren edizioan. Bata “indarkeria eta aterpea” izendatu dutena izango da, hau da, LGTBI+ izateagatik jazarpena edo erasoak pairatu dituztenen istorioak batzen dituena. Eta bestea, berriz, GIB birusa. “Pandemia betean gauden honetan, GIBarekin paralelismoa egin eta garrantzia berezia eman nahi izan diogu azken horri. Gai zentrala izango da, eta sekzio guztietan egongo da presente”, azaldu du Arenzanak.
Berrikuntzak ere egongo dira. Hala, film laburren sailean bi ziklo estreinatuko dituzte: “Maitasunezko poliedroak” (harreman afektibo-sexualen formula ezberdinei buruzkoa) eta “Trantsizioak” (trans errealitateen ingurukoak). Sail honetan 22 lan lehiatuko dira, eta Bilborock aretoan guztiak doan ikusteko aukera egongo da.
Nobedadeekin jarraituz, antolatzaileek jakinarazi dute aurtengo Sari Nagusia EITBk babestuko duela lehenengoz, eta 4.000 euroko balioa izango duela.
Nola ez, euskal ekoizpenei ere egin die tartea jaialdiak, sail ofizialetik kanpo dagoen Erroak zikloaren bitartez. Lau izango dira bertan proiektatuko diren lanak: Azaletik Azalera (Mel Arranz), Ilunabarrean esan (Xabier Vallina), No deberías (Maider García Merino) eta Txango (Tamara Lucarini).
Arte eszenikoak eta hausnarketarako gonbita
Aipatutako guztiak eta bestelako zinema emanaldi berezi asko sartu dituzte egitarauan, baina, pantailatik kanpo ere, oholtza gaineko ikuskizunak ez dira falta izango. Hala, Bilboko Pabellón 6 taldeko konpainia gazteak Rey desnudo y chico muerto antzezlana aurkeztuko du hurrengo asteko asteburuan. Bestalde, Galiziatik datorren VACAburra konpainiak Metodoloxias carroñeras para corpos invertidos taularatuko du La Fundición aretoan.
Horrez gain, hausnarketa eta eztabaida sustatzeko hitzorduak ere egongo dira datorren astetik aurrera Bilgune deituriko saioei esker. Liburu aurkezpena, solasaldia edota podcasta sartu dituzte, besteak beste, egitasmoaren baitan.
Motorrak berotzeko hitzorduak
Jaialdia hasi aurretik, otsailaren 25etik 27ra arte, 3, 2, 1… Zinegoak! saioak egingo dira hirian. Hala, Mapplethorpe look at the pictures dokumentala emango dute Guggenheim musoean. Horrez gain, iaz hasitako Nola esan/izan bollera euskaraz proiektua aurkeztuko dute, June Fernandez kazetariaren eskutik datorrena. Eta Ez amour ezta toujours kontzertu-kabaretza prestatu dute puntako euskal musikariekin batera, Irantzu Varelak gidatuta.
Sareak eta eremua zabaltzen
Bada, proposamenez beteriko egitarau horren abiapuntua izango den irekiera gala handia otsailaren 28an izango da, astelehena, 19:30ean Arriaga antzokian. Nerea Arriola arituko da zuzendari lanetan, iaz bezala. Gainera, Olatz Salvador musikaldiaren emanaldiaz gozatu ahal izango dute ikusleek. Ekitaldi horretan jasoko du sari nagusia Albertina Carri zuzendariak.
Egun horretatik martxoaren 7ra arte antolatutakoez gain, jaialdiak bere bidea jarraituko du data horretatik aurrera. Izan ere, Filmin plataforma digitalean jarriko dituzte ikusgai zinemaldian proiektatutako lanak. Horrez gain, ZG Hedapena programaren bidez, Hego Euskal Herriko 47 udalerritara eramango dituzte proiekzioak, hiri handietara nahiz herri txikietara iritsiko direlarik. Bestalde, aurten ere, Bilborekin batera, Lekeitio izango da Zinegoak-en bigarren egoitza ofiziala. Iazko esperientziari jarraipena emango diote, hortaz.
Lankidetza da jaialdia antolatzeko oinarrietako bat. Horri lotuta, besteak beste, urteroko legez Indautxuko FAS zineklubarekin elkarlanean emanaldi bat antolatu dute aurten ere, Adrián Silvestreren Sedimentos lanarena, hain zuzen ere.
Elkarlan kutsu hori izango du, bestalde, ZG Pro ekimenak ere. Ikus-entzunezkoen industrian diharduten profesionalen arteko topaketa izatea du helburu, eta aniztasuna lantzeko moduekin zerikusia duten hainbat hitzordu antolatu dituzte horren baitan: masterclassak, tailerrak, eta abar.