Atxuriko hesiak kentzeko mozioak ez du aurrera egin

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko ots. 24a, 17:41

Auzoko kirol kantxaren itxitura bertan behera uzteko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak aurkeztu duen proposamena ezetsi egin da gaurko ohiko osoko bilkuran, EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu baitute. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposamenaren aldeko botoa eman dute.

Urtea hasi eta hiru egunetara jarri zituen udalak hesi horiek Atxuriko kirol kantxetan. Nabarmentzekoa da hainbat etxegabek leku hori gaua bertan igarotzeko babesleku gisa erabiltzen hasiak zirela zenbait hilabete lehenago. Bada, udalaren erabakiak hautsak harrotu zituen. Horren erakusgarri izan zen, esate baterako, hesiak kendu ondoren deitutako protesta ekimenak izan zuen babes zabala.

Ongi Etorri Errefuxiatuak antolakundearen bueltako Atxuri Harrera taldeak elkartasunezko lana egiten dihardu aspalditik etxerik gabeko gazte migratzaile hauekin, oinarrizko beharrizanak asetzen laguntzera zein hurbiltasuna eta babesa eskaintzera bideratua. Argi utzi nahi izan dute, dena den, inork ere ez duela nahi gazte horiek kantxetan lo egin behar izatea: “Auzo-elkarteak eta harrera-elkarteak hilabeteak daramatzagu bizitegi-irtenbide bat eskatzen. Aterpe-ohe hutsak eta 8.000 etxebizitza huts dituen hiri batean, hesiak jartzea ez da irtenbidea”.

Gaurko osoko bilkuran Atxuri Harrera elkartearen izenean hitza hartu duen Ana Carolina Agudelo Cárdenasek, gainera, nabarmendu du poliziaren aldetik “etengabeko gehiegikeriak” eta “giza-eskubideen urraketak” pairatu behar izan dituztela pertsona horiek. Tenperatura oso baxuengatik udalak jarritako larrialdizko aterpe plaza gehigarriak itxi ostean (tenperaturak 4 gradutik gora egin izanaren ondorioz), kalean egin dute lo azkenaldian. Bada, udaltzainek pertsona horiek mugiarazi eta Artxandako maldara edo Miraflores zubira joateko eskatu izana gaitzetsi dute. Gertakariaren bideoa ere zabaldu dute sare sozialen bitartez.

Ez da, baina, Udaltzaingoak migratzaileekiko erakutsitako jarrera salatu duten lehenengo aldia. Izan ere, aipatutako etxegabeek artean kantxetan lo egiten zutenean eta goizetan agenteak bertaratzen zirenean ingurua hustera, musika militarra erabili omen zuten behin baino gehiagotan. Jokabide horiek “koakzioa” direla azpimarratu zuen harrera taldeak, eta, Agudeloren hitzetan, "auzoan beldurra eta xenofobia zabaltzea" baino ez dute bilatzen.

Juan Mari Aburto alkateak iraintzat jo du udala arrazista dela esatea: "Akusazio larriak dira eta ez diot halakorik inori onartuko".

Eztabaida udalean

Urtarrilaren 28an, udal gobernuko ordezkariek agerraldia egin zuten, EH Bilduk eskatuta, Atxuriko kantxak hesitu izanari buruzko azalpenak emateko. Herritarren Segurtasun Saileko zinegotzi eskuorde Amaia Arregik (EAJ) gaiaren aurrekariak azaldu zituen. Hala, gogorarazi zuen pandemiaren ondorioz eskola orduetan García Rivero ikastetxeko ikasleek kantxak erabili ahal izateko erabakia hartu zela, eta hala egiten dutela geroztik. Ondorioz, azken hilabeteetan goizetan Udaltzaingoa bertaratzen zen espazioa hustu araztera, eta garbiketa zerbitzuak ere bai. Gizarte Politikako zinegotzi eskuordea den Juan Ibarretxek, bestalde, gaineratu zuen udal gizarte langileek udal baliabideez baliatzeko aukerak berariaz eskaini izan dizkietela Atxurin lo egiten zutenei, baina zenbaitek ez zituztela onartu.

Arregik adierazi zuen bizilagunengandik “hainbat kexa” jaso zituztela gazteak kantxa lotarako erabiltzen hasi zirenetik, zaratekin, zikinkeriarekin nahiz borrokekin lotuak: “Istiluak gero eta ohikoagoak bilakatu ziren”. Ildo beretik, Atxuriko auzokideen elkarteak egindako eskaerari erantzunez planteatu omen zen espazioa nahiz han dagoen igogailua gauez ixtea, zinegotziaren esanetan.

EH Bilduko Alba Fatuarte, aldiz, ez zetorren bat udal gobernuaren azalpen horrekin. Izan ere, agerraldian azpimarratu zuen udal langileek hesiak jarri zituzten egunean 300 pertsona elkartu zirela horren aurka eta, aldiz, kantxa ixtea eskatzeko lehenago egin zen beste kontzentrazio batek “20 pertsona baino ez” zituela bildu. Beraz, ez du uste Arregik aipatzen dituen “bizilagun” horiek benetan ordezkatzen dutenik Atxuriarren gehiengoa. Hortaz, Fatuartek uste du udal gobernuak auzokideak “parapeto” gisa erabili dituela “urritik hartutako erabaki politikoa” aurrera eramateko.

Haratago joan da Ongi Etorri Errefuxiatuak taldea, uste baitu “ezjakintasunetik, gorrototik eta beldurretik begiratzen duen pertsona talde baten iritziek” gidatu dutela erabakia, eta udal gobernuari leporatu dio ikuspegi hori partekatzea. “Atxuri auzo anitza, bizia eta solidarioa da. Burdinezko hesi hauek ez gaituzte geldituko”, diote harrera taldekoek.

Elkarrekin Podemos-IU udal taldeko ordezkari gisa jardun zuen aipatutako agerraldian Xabier Jimenezek, eta gogora ekarri zuen ia 30.000 euro erabili zirela hesiak jartzeko. Bada, udal inbertsioetan lehentasunak ezartzeko beharra azpimarratu zuen.

Beste gai baten harira ere, hain zuzen, lehentasunak berrikusteko galdegin zion OEEk udalari. Izan ere, Next Generation funtsetatik eskuratutako dirulaguntzarekin aterpetxe bat egingo dute Begoña-Txurdinaga inguruan, baina ez etxegabeei zuzendua, Donejakue Bideko erromesei baizik.

PP alderdia, aldiz, hesiak jartzearen alde azaldu zen, segurtasunaren argudioari tiraka, eta udaltzainek egindako “lan bikaina” goraipatu zuen Carlos García zinegotziak.

Elkarretaratzea eta kalejira

Hesiak kentzearen eta bizitegi alternatibak ahalbidetzearen aldeko aldarria kalera eramaten jarraituko du aurrerantzean ere Ongi Etorri Errefuxiatuak. Borroka horren baitan, gaur iluntzean bertan hitzordu bat egongo da udaletxearen aurrean. Hesi gutxiago, harrera duinagoa lelopean kontzentrazioa egingo dute 18:30ean; jarraian, kalejiran joango dira Atxuriko kantxetaraino.

AZET-en salaketa

OEEk "pobrearen ehiza" gisa kalifikatu ditu etxegabeak leku publikoetatik uxatzeko jokabide horiek. Bada, AZET (Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatua) ere bat dator balorazio horrekin. Eta, ildo beretik, Twitter bidez jakinarazi dute udalak familia bat "kale gorrian" utzi duela San Frantzisko auzoan. Jakitera eman dutenez, auzoko elkarte baten bidez izan zuten urtebeteko eta bost hilabeteko haur banarekin etxerik gabe zegoen familia baten berri. Bada, udalera jo ostean, Gizarte Larrialdiko Baliabideetan esan omen zieten hirian ez dagoela haientzako harrera alternatibarik. Ondorioz, Bilbo utzi behar izan dute azkenean, etxebizitza sindikatuak azaldu duenez.