Atxuriko kantxetako hesiak kentzeko ekintza

uriola.eus 2022ko mar. 7a, 12:32

Hesiak kentzen Atxuriko kantxetan

Mozorrotutako hainbat pertsonen artean, udalak migrante etxegabeak bertan lo egitea galarazteko jarritako hesiak kendu dituzte. Bideo baten bidez egindako ekintza erakutsi eta guztientzako "auzo duina" eskatu dute.

Atxuriko kantxetako hesiak desagertu dira. Sare sozialetan hedatu da bideoa eta horiek nola kentzen dituzten ikus daiteke. Urte hasieran, udalak kirolgunea hesitzea erabaki zuen, zortzi hilabeteetan zehar bertan lo egiten ari ziren pertsonak bertan gaua igaro ez zezaten.

Atxuri Harrera elkarteak eta Atxurigorri auzo elkarteak "arrazakeria sozial eta instituzionala" salatu dute hainbatetan. Hesien aurkako kontzentrazioak egin dituzte azken hilabeteetan, horiek "berehala kentzeko" eskatzeko. Hori lortzeko, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak proposamena aurkeztu zuen otsailaren 24ko osoko bilkuran. "Aterpe-ohe hutsak eta 8.000 etxebizitza huts dituen hiri batean, hesiak jartzea ez da irtenbidea”, adierazi zuen Atxuri Harrerak. Hala ere, mozioak ez zuen aurrera egin EAJ, PSE-EE eta PPren kontrako botoa eman baitzuten.

Horren ondorioz, pertsona talde batek horiek kentzeko erabakia hartu du, bideoan ikusi daitekeen moduan. Ekintza noiz egin den ez da zehaztu eta momentuz udalak ez du ezer esan gertakariaren harira.