“Zaintza negozio bihurtu da”

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko mar. 7a, 12:27

Zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean izeneko txostena aurkeztu du gaur LAB sindikatuak. Mendeko pertsonak artatzeko zerbitzuak, bereziki nagusien egoitzetakoak, pribatizaziorantz jotzen duela eta horrek lan baldintzak nahiz zerbitzuaren kalitatea kaltetzen dituelaz ohartarazi dute.

Ahoztar Zelaieta kazetariaren Residencias SA El negocio de los cuidados en Euskal Herria (Egoitzak SA. Zaintzaren negozioa Euskal Herrian) liburuan jasotako datuak oinarri hartuta osatu dute Langile Abertzaleen Batzordeek gaur aurkeztu duten txostena. Bada, sektorearen pribatizazio prozesua 90eko hamarkadan hasi eta hurrengo hamarkadan inflexio puntura iritsi zela azpimarratzen da lan horretan, eta LABek zehaztu duenez, horren adibide garbiena adinekoen egoitzak izan dira.

Azken horien kasuan, beharginen zein zerbitzuaren hartzaileen gain izandako ondorioak azpimarratu ditu Eli Etxeberriak, sindikatuko idazkari feministak: “Langileen lan baldintzak prekarizatu egiten dira eta kalitatea ez da behar-beharrezkoa kalitatezko zaintza ziurtatzeko”.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezpera aukeratu dute txostena aurkezteko, aintzat hartuta mota horretako lan gehienak andrazkoek eramaten dituztela aurrera. Bada, aitortza falta salatu dute horren harira: “Ezin dugu ahaztu zaintza gehiena etxean bertan egiten dela, emakumeek egiten dituztela, musu truk, ikusten ez diren lanak”. Azpimarratu dute, bestalde, lanik zailenak eta gogorrenak emakume etorkinek betetzen dituztela, eta hori guztia sistema ekonomikoa sostengatzeko oinarrietako bat dela.

Enpresa pribatuak nagusitzen dira

Bildu dituzten datu zehatzen artean, nabarmendu dute EAEn 314 zahar egoitza zeudela guztira (20.000 plaza), eta titulartasun publikoa ez dela %9ra iristen. Bizkaiaren kasuan, esate baterako, 155 egoitza zeudela eta 4 baino ez zirela publikoak azpimarratu dute. Bada, egoitza gehienak “sare klientelar” baten parte direla esan dute sindikatuko ordezkariek, eta EAJ alderdia arduraduntzat jotzen dute: “Kargu ohien eskutik sortutako edo alderdiko kideentzat ate birakariak dituzten dozenatik gora enpresa pribatu, elkarte edo fundazio daude sare horretan”. Hala, esaterako, Urgatzi enpresa seinalatu dute, “Bizkaian etxez etxeko zerbitzuan dagoen monopoliorik handienetakoa”.

Hala, zaintzarekin lotutako negozioarekin amaitzeko, zahar egoitzak eta etxez etxeko zerbitzua publifikatuz pribatizaziorako joeran atzera egiteko, lan baldintzak hobetzeko, aurrekontuak handitzeko eta zaintza eskubidea aitortzeko eskatu du LAB-ek. Azken horrekin lotuta, udal eta foru hauteskundeetan Zaintzarako Euskal Sistema Publiko-Komunitarioa eraikitzeko “konpromiso argiak” hartzeko beharra azaldu dute. Hala, bihar, Emakumeen Nazioarteko Egunean, EAEko aldundien eta Nafarroako PSN-ren egoitzaren aurrean protestak egingo dituzte, 11:00etan. Bestalde, hilaren 13an zaintza sektoreetako langileen topaketa bat egingo dute, “aldarrikapenak partekatzeko eta borrokan bat egiteko bideak arakatzeko”.