Ekitaldia streaming bidez ere ikusi ahal izango da, Loraldia.eus eta eitb.eus webguneen bitartez.
“Bozak deituriko esperientzia digitalaren bigarren edizio honetan iparra eta hegoaren artean dagoen mugaren inguruan solasaldi bat egingo da”, azaldu dute antolatzaileek. Horrekin batera, musikaren mutur bik bat egingo dute museoan: “Ikuspegi tradizionala Maddi Oihenartek jarriko du, 26 urteko esperientzia duen a capella abeslari zuberotarrak. Lide Hernandok, Liher rock taldeko abeslariak, ikuspegi modernoago eta gazteago bat plazaratzeaz arduratuko da”.
Hala, hausnarketak musika laginekin tartekatuko dituzte. Gainera, Itziar Ugarte poeta oñatiarrak bertaratuei zenbait olerki irakurriko dizkie, hainbat gai mahai gainean jarriko dituelarik. Bere presentzia digitala izango da; izan ere, hitzordua “ekitaldi berritzaile eta esperimentala” izango omen da, jaialdiaren baitako beste batzuekin gertatzen den bezala. Horrekin lotuta, solasaldian zehar Amaia Ocerin komunikazio arduradunak sare sozialetan komentatzen direnak partekatuko ditu bideokonferentzia bidez, eta elkarrizketa bat egingo du beste bi kideekin.
Gai nagusietako beste bat emakume sortzaileena izango da: “Zein egoera bizi duten euskal sortzaileek eta emakume izateak nola eragiten dien”. Bigarren aztergaia, berriz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremana izango da. Bada, horri buruz mintzatzeko beste bi parte hartzaile sartuko dira.
Ekintza hau Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan sortutako jarduera da, TopARTE programaren esparruan eta Museoaren 25. urteurrenean.
Zozketa martxan
Bilboko Uriolak ekitaldi honetarako sarrera bikoitza zozketatuko du. Martxoaren 10eko gaualdera arteko epea dago parte hartzeko, eta esteka honen bidez egin daiteke.