Hiru orduko iraupena izango du ibilbideak, eta Arestiren sortetxetik abiatuko da, Barroeta Aldamar kaletik, alegia. Hortik aurrera, Albiako lorategiak, Euskadi Plaza, Euskalduna Jauregia, San Anton eta Plaza Zaharra bisitatuko dituzte parte-hartzaileek, besteak beste: “Geldialdi bakoitzean gai bat garatuko dugu, hurrenez hurren, Arestiren umezaroa, gaztaroa, arteaz zeukan ikuspegia, langileen borroka eta gai sozialak, historia…”.
Plaza Barrian egingo dute azken geldialdia, eta ibilbideari amaiera zaporetsua emate aldera, Café Bilbaon odolostez eta tomatez egindako pintxo poetikoa dastatuko dute.
Izen-ematea
Lagun bakoitzeko prezioa 25 eurokoa da (liburua+ibilbidea+pintxoa) edo 10 eurokoa liburua jada badaukatenentzat. Talde eratuak onartuko dira, 10 lagunetik 20ra bitarteko kopurua osatuta, eta pertsona solteak edo talde txikiagoak bildu edo txertatu egingo dituzte era horretako taldeetan. Parte hartzeko interesa dutenek formularioa bete behar dute.