Arrazoia berriz ere BBVA-ak arma industria finantzatu zuela salatu zuten aktibistentzat

uriola.eus 2022ko mar. 11a, 11:31
2019an Euskalduna Jauregiaren aurrean egindako protesta baketsua (Irudia: KEM-MOC)

Segurtasun Sailak ekintzaileei ezarritako zigorrak baliogabetu dituzte bi epaik, protesta "legezkoa eta zilegia" izan zela eta ordena publikoan "nahasmendurik gabe" egin zelako. Dagoeneko hiru zigor deuseztatu dituzte epaitegiek ekintza horrengatik.

Karmen Elorriaga eta Sabina Pérez antimilitaristek 2019ko martxoan, Euskalduna Jauregian urtero egiten den BBVA-ko Akziodunen Batzarraren harira, protesta ekintza bat aurrera eraman zuten banketxeko eta EH-k Kapitalari Planto! plataformetako beste ekintzaile batzuekin batera. Poliziak hauek identifikatu eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, sei pertsonari zigorrak ezartzea proposatu zuen Mozal Legea aplikatuz. 

Ekintzaileek eta bertan egondako taldeek adierazpen-askatasuna urratu egin zela salatu zuten. Haien esanetan protesta eta mobilizazio soziala herritarren oinarrizko eskubideka ziren. Horren ondorioz, helegitea aurkeztu zuten. 

Gaur Bilboko epaitegian, beste bi epaik Segurtasun Sailak ekintzaileei jarritako zigorrak baliogabetu dituzte. Protesta "modu baketsuan egin zela, ordena publikoan nahasmendurik sortu gabe eta pertsonen edo ondasunen kontrako arriskurik gabe", eta protesta "legezkoa eta zilegia izan zela espazio publikoan". Epaiak irmoak dira eta ezin da horien aurkako helegiterik jarri. Duela aste batzuk, Gasteizen, Rosa Esperanza Sánchez, Ruíz-Tello epaileak, protesta berdinean parte hartu zuen Koldobike Velasco aktibistaren aldeko epaia eman zuen.

Alternativa Antimilitarista-MOC taldeak, 2019ko ekintzan parte hartu zuela, "oso positibotzat" hartu ditu epaiak, aurrekoarekin egin zuen bezala. "Desobedientzia zibilaren legitimitatea aitortzea dakar, parte-hartze politikorako tresna gisa, eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko, oraindik indarrean dagoen Mozal Legeak dakartzan eskubide murrizketen aurrean", adierazi dute. 

Gainera, gogorarazi nahi izan dute BBVA-ren onurak "odolez zikinduta" daudela salatzeko egin zutela ekintza hura. Arma-industriako inbertsioen buru den banku espainiarra baita.