Kiroldegietako laguntzaileak greban daude

uriola.eus 2022ko mar. 14a, 10:22

Grebalariak goizean goiz protesta egiten (Argazkia: ELA sindikatua)

Bilbao Kirolak erakundearen zentroetan azpikontrata baten bidez zerbitzua ematen duten langileek eskatzen dute, besteak beste, hitzarmena hobetzeko, soldata-arrakala deuseztatzeko eta bajek eragindako hutsuneak osatzeko.

Guedan Servicios Deportivos SA enpresak 30 urte daramatza Bilbao Kirolak sareak azpikontratatutako enpresa gisa. Bada, gaur egun 33 pertsona dabiltza behargin laguntzaile lanetan, denak ere 15 eta 30 urte artean daramatelarik. Denbora horretan zehar “onena emanez” jardun dutela diote. “Baina ahalegin hori ez digute inoiz aitortu, ez enpresak, ezta Bilbao Kirolak erakundeak ere”, adierazi du ELA sindikatuak, eta egoera jasanezin bihurtu zaiela azaldu dute.

Hori guztia dela eta, aldarrikatu dute, alde batetik, generoak eragiten duen soldata arrakala desagertzea. “Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketa Hitzarmenean Ofizial eta hainbat Ofiziotarako soldata 17.749.55 euro direla kontutan izanik, uste duzue soldata horrekin bizi gaitezkeela?”, galdetu dute. Hala, ordainsariak areagotzea eskatu dute, aintzat hartuta azken urteotan eginbeharrak gehitu zaizkiela.

Bestalde, bajek eragindako hutsuneak betetzeko premia azpimarratu dute, gaur egun halakorik egiten ez delako eta, grebalarien esanetan, horrek gainkarga “jasangaitza” dakarrelako.

Hala, beharrizan horiek udalaren baldintza agirietan jasotzeko eskaera luzatu dute, laster etorriko diren lizitazioei begira. Erantzukizuna udalarena dela nabarmendu dute, beraz. Bitartean, herritarrei barkamena eskatu diete grebak eragin ditzakeen eragozpenengatik.