Astelehenean arrazakeriaren aurka kalera ateratzeko deia

uriola.eus 2022ko mar. 18a, 10:28

Arraza Diskriminazioaren Aurkako Nazioarteko Eguna izanik, manifestazioa egingo dute arratsaldean, 18:30ean Mariaren Bihotza plazatik abiatuta. Egun horri lotuta, bestalde Damba musika jaialdia egingo dute bihar iluntzean Bilborocken.

“Arrazakeria instituzionalizatua” gaitzetsiko dute martxoaren 21ean, Bizkaiko SOS Arrazakeriak deituta. Izan ere, azpimarratu nahi dute arrazakeria kasuak ez direla kasu isolatuak, gizartean eta erakundeetan, hala nola poliziaren kasuan, errotutako jokabideak baizik.

Horren harira, asteon San Frantziskoko auzokide Fatimaren epaiketa izan da, agintarien aurkako atentatua egozten baitzaio, eta berari babesa erakutsi eta Ertzaintzaren indarkeria salatzeko kontzentrazioa egin zuten hainbat herritarrek. SOS Arrazakeriak jakinarazi duenez, Fatima eta bere abokatua “ikuspegi baikorrarekin” atera ziren asteazkeneko epaiketatik, “nahiz eta Ertzaintzako agenteek legearen aurka gezurretan jarraitzen duten, Fatima eta Salman erruduntzat joz eta haien arrazakeria defendatuz”. Epaia hilabete atzeratuko dela ere jakinarazi dute, eta bitartean presioa egiten jarraitzeko asmoa daukate.

Kontzertuak larunbatean

Bada, asteburuan arrazakeriaren aurkako Damba jaialdia egingo dute Bilborocken. Rap doinuak izango dira nagusiki, eta, besteak beste, Frank T musikari beteranoa eta San Frantzisko auzoko Betto Snay eta Errekaldeko Arrano Pertxa igoko dira taula gainera. Disko jartzailerik ere ez da falta izango, DJ Slimdazek eta Follow the Party kolektibokoek hartuko baitute horren ardura. Sarrerak hemen eskura daitezke.