Grebaren isilaraztea salatu dute Bilboko kiroldegietako langileek

uriola.eus 2022ko mar. 21a, 11:04

Zorrotzako kiroldegiaren aurrean mobilizazioa (irudia: auxiliaren Bilbao)

Bilbao Kirolak erakundeak eta Guedan enpresak hitzarmenaren hobetzea, soldata-arrakala eta bajek eragindako hutsuneak betetzea eskatzeko greba egin duten langileen lana bete izana salatu dute.

Bilbao Kirolak erakundeak azpikontratatuta duen Guedan Servicios Deportivos SA enpresako langileak grebara joan ziren aurreko astelehenean, martxoak 14, hilaren 20ra arte. Hala ere, salatu dutenez, grebak ez du izan eraginik erabiltzaileengan.

Komunikatu baten bidez azaldu dutenaren arabera, kiroldegietako koordinatzaileek zein Guedanekoek haien ordutegiak aldatu dituzte. Hauek aspalditik ez zuten lan egiten asteburuetan eta jaiegunetan, baina larunbat honetan 19an lan egin dute kiroldegi askotan: "Haiek izan dira irekiera eta itxiera egin dutenak hainbat kiroldegitan".

Kiroldegietako batean egin dute zortzietatik aurrera, eta egun osoan itxita egon behar lukeen beste batean segurtasun enpresa ezagunenetako baten zerbitzuak eskatu zituzten: "Horko erabiltzaile guztiek ikus zezaketen benetako lankideen ordezkoa, hau da, zaintzailea", kritikatu dute grebalariek. Bi kiroldegi horietan "tresnen berrikuspenarengatik" instalazioak lehenago itxiko zirela jartzen zuten kartelak agertu zirela gaineratu dute. Beste batzuetan berriz, kartelek ez zuten itxieraren zergatia azaltzen. "Egoera nahiko arraroa", haien esanetan.