Ricardo Barkala Athleticen hauteskundeetara aurkeztuko da

Pablo Martínez Canibe 2022ko mar. 22a, 11:29
Ricardo Barkala atzo emandako prentsaurrekoan (Irudia: Bilbao Port)

Bilboko portuko presidenteak otsailean aurkeztutako asmoa berretsi du, eta bera nahiz bere taldea "irteerako marran daudela" adierazi du, Elizegik hauteskundeetarako deialdia egiten duen bitartean.

Lau urte joan dira bazkideek Aitor Elizegi Athletic-eko presidente aukeratu zutenetik. Denboraldiaren amaieran hauteskundeak izango dira, baina data berretsi gabe dago oraindik. Hala ere, Ricardo Barkala, Bilboko Portuko presidentea, deialdi horri aurreratu zaio eta bere asmoa aurkeztu du portuari buruz hitz egiteko emandako prentsaurreko batean.

Otsailean irratian egindako elkarrizketa batean adierazi zuen ez zituela hauteskundeak nahi. Kontsentsu bidezko akordio batera heltzearen aldekoa zen, beraren ustez hauteskundeek "liskarrak eta haustura arriskua" ekar dezaketeelako Athletic familian. Hala ere, badirudi hauteskundeak izango direla presidentea erabakitzeko bidea, eta horretarako prestatzen ari da: "Deitzen direnean aurkeztea erabaki dugu, baina errespetuz jokatu behar da, oraindik ez dago deialdirik eta momentuz ezin gara ezertara aurkeztu".

Ricardo Barkalak, Portugaleten jaioa 1955ean, hainbat kargu izan ditu Bilboko Udalean. 2002an sartu eta hamar urtez zinegotzia izan zen. 2015ean, berriz bueltatu zen alkateorde eta obra zinegotzi gisa. Orain, 2018az geroztik Bilboko Portuko presidentea da, eta bere ibilbidean pausu berri bat emateko prest agertu da. Horretarako, ez du  argitu bere proiektuari buruz ezer gehiago, ezta zein izango den bere taldea ere. 

Hautagai gehiago

Berretsitako bakarra da Barkala, baina badirudi ez dela izango aurkeztuko den bakarra. Denboraldia amaierara heltzen ari da eta hauteskundeak indar handia hartzen ari dira. Horren harira, Onda Vasca-k Vocento taldeko kontseilaria den Javier Aretxabaletaren izena aurreratu zuen. Era berean, izena eman ez zuen arren, Deia-k enpresaburu batek aurkezteko asmoa zuela esan zuen, berrikuntza teknologikoaren alorrekoa. 

Aurtengoak hautagaitzaz beteriko hauteskundeak izan litezke. Izan ere, baliteke abalak aurkeztea beharrezkoa izatea. Kirolaren lege berriaren arabera ez dira beharrezkoak, baina klub bakoitzaren esku uzten du erabakia. Elizegik eta bere taldeak kantitate hori aurrekontuaren %5 izatea nahi dute (gaur egun %15ekoa da); hau da, 7 milioi. Fernando Garcia Macuak eta Josu Urrutiak ez zuten lortu hau aldatzea, konpromisarioen bi herenen baiezkoa behar baita.

Herri harmaila

Kargua utzi baino lehen, oraingo zuzendaritzak lana du oraindik. Azken hilabeteetan San Mamesen orroa deituriko ekimena sortu da. Hainbat talderen eta peñen babesa jaso dute eta 2.400 bazkideren sinadurak batzea lortu dute. Ekimen honen bitartez, ipar harmailako animazio gunea hego harmailan dagoen gazte harmailarekin batu nahi dute iparreko atearen atzean, animazio gunea handitzeko.

               

Proposamen hau, apirilaren 7an, osteguna, bozkatuko da Euskalduna Jauregian egingo den ezohiko batzarrean. Konpromisarioei galdetuko zaie ea proiektua onartzen duten, eta gero aukera honen eta Elizegik 2020an aurkeztutako proiektuaren artean erabakitzeko aukera emango zaie. Azken horrek ezezkoa jaso zuen 9 botogatik.

Batzarrera 1.200 konpromisario deituta daude, eta 20:30etik aurrera bozkatzeko aukera egongo da egunean bertan. Proiektuen aurkezpena 19:15etik aurrera egingo da.