Duela hilabete pasatxo aurkeztu zuten argindarraren igoerari erantzuteko sortutako dinamika berria, eta asteburu honetan izango da horren baitan antolatu duten hitzordu nagusia. Horren bidez salatu nahi dutena da, besteak beste, “duela urtebete ordaintzen genuenaren bikoitza” ordaintzen ari garela gaur egun energiaren hornikuntzaren truke. Gehiengo historikoen errekorrei buruzko albisteak entzutea ohiko bihurtu den honetan, jende askorentzat hilabete bukaerara iristea geroz eta zailagoa dela azpimarratu dute deitzaileek gaur egin duten agerraldian: “hamar familiatik batek ez dauka fakturak ordaintzeko aukerarik”.
Bada, argindarraren nahiz azkenaldian prezio igoerak izan dituzten beste produktu eta zerbitzu batzuen (gasa edota petrolioa, esate baterako) garestitzea ausazkoa ez dela nabarmendu dute. Aldiz, “sistema kapitalistaren baitan” ulertu beharreko arazoa dela diote, “pobreen eta aberatsen arteko arrakala geroz eta nabariago” bihurtzen duena. “Sistema honek planetaren mugei muzin egiten die, baita pertsonen beharrei ere”, adierazi dute. Izan ere, sistema hori bera enpresa elektriko handien aberastasunaren mesederako sortua dela iritzi diote, eta horren ifrentzuan erosketa egin eta argia piztearen artean hautatu beharrean dauden herritarrak daudela.
Egungo egoera onartezintzat jo dutenez, herritarrei dei egin die larunbat honetako mobilizazioan parte hartzera. Honako hauek dira Sakeoari ez! dinamika babesten duten eragileak, zerrenda oraindik irekita dagoela azpimarratu badute ere: Ekologistak martxan, Sukar Horia, AZET, Alogerekoak, Auzo Elkarteen Federakundea, ELA, LAB, CCOO, Komite Internazionalistak, Gu ere bagara Bilbo, Ernai, Sortu, Greenpeace eta Uribarri Prest.